San Pedro jaietan txosnak ipintzeko deia zabaldu du Mundakako Udalak
Mundakako Udalak deialdia egin die aurtengo San Pedro jaietan txosna ipini gura duten kultur, kirol eta gainerako herriko talde guztiei. Horretarako asmoa dutenek ekainaren 4ra arteko epea dute eskabideak egiteko eta izapideak aurkezteko. Interesa dute...
Mundakako Udalak deialdia egin die aurtengo San Pedro jaietan txosna ipini gura duten kultur, kirol eta gainerako herriko talde guztiei. Horretarako asmoa dutenek ekainaren 4ra arteko epea dute eskabideak egiteko eta izapideak aurkezteko. Interesa dutenek oinarriak udaletxean bertan aurki dezakete edo, bestela, Udalaren webgunean (www.mundaka. org) be eskuragarri ipini dituzte.
Udalak azaldutakoaren arabera, beraiek izango dira aurkeztutako eskabideak ebatziko dituztenak. Txosnak zein guneetan ipin daitezkeen eta instalazioek bete beharreko baldintza zehatzak zeintzuk diren jakiteko Jai Batzordearekin harremanetan ipini beharko direla zehaztu dute, gainera.
Ekainaren 20tik uztailaren 2ra
Txosnak, aurton, ekainaren 20tik uztailaren 2ra bitartean egongo dira jarrita, egun bi horiek barne. Epe hori amaitzerakoan, udalak adierazi legez, gehienez 48 orduko epean kendu beharko dute ipinitako material guztia.
Zarratzeko ordutegiari dagokionez, alkatetza ebazpenaren arabera jakinaraziko da. Oraindik, zehaztu gabe dago. Halanda be, txosna ipini dutenek beharrezkoa izango dute ixteko ordu ofiziala baino ordu erdi lehenago megafonia itzaltzea.
Aurkeztu behar dituzten agiriak
Txosna jartzeko asmoa duten horiek frankiziarik gabeko erantzukizun zibileko poliza, baldintza guztiak onartzen dituztela agertzen duen agiria eta 1.000 euroko fidantza gordailua aurkeztu beharko dituzte, udaletxean, ekainaren 4a baino lehen