Espainiako Txapelketa jokatuko dute KESBeko kadeteek
Gernika KESBen kadeteen lehenengo taldeak denboraldi aparta egin du aurten, Euskal Herrian aurkaririk ez duela argi utziz. Bertokoek Euskal Liga, Bizkaiko Txapelketa, eta Euskadiko Txapelketa irabazi dituzte, talentu asko duten jokalariak direla erakut...
Gernika KESBen kadeteen lehenengo taldeak denboraldi aparta egin du aurten, Euskal Herrian aurkaririk ez duela argi utziz. Bertokoek Euskal Liga, Bizkaiko Txapelketa, eta Euskadiko Txapelketa irabazi dituzte, talentu asko duten jokalariak direla erakutsiz. Egindako denboraldi ikaragarria borobiltzeko, orain Espainiako Txapelketan “maila ona” emon gura dute bertokoek. Hala, “emaitza ona lortuta” bueltatu gura dute.
Soraya Pablos taldeko entrenatzaileak jakinarazi duenez, Espainiako Txapelketan “talde indartsuenek” parte hartuko dute, baina maila ona emon dezaketela deritzo. Hala, “ahalik eta urrunen” heldu gura dute, helburu nagusia final-zortzirenak jokatzeko sailkatzea izan arren. “Hortik aurrera lortzen duguna sari bat izango da”, nabarmendu du entrenatzaileak.
Txapelketan 32 taldek parte hartuko dute zortzi multzotan banatuta, eta multzo bakoitzeko lehenengo bi sailkatuek jarraituko dute txapelketan. Auka Bidaiak Gernika taldeko neskei H multzoan jokatzea egokitu zaie. Multzo horretan, Uva Ponceren (Gaztela-Leon), Basketmar-en (Asturias) eta Seis Nouren (Galiza) kontra jokatu beharko dute bertokoek.
Pablosek azaldu duenez, “teorian lehenengo partida izan beharko litzateke gogorrena”. Hain zuzen, etzi jokatuko dute Txapelketako lehenengo partida bertokoek, Uva Ponce gaztelarren kontra. Entrenatzaileak dioenez, “gaztelarrek Espainiako selekzioagaz jokatzen duten bost neska dituzte, eta oso zaila izango da irabaztea”. Halanda be, partida irabaztera zelairatuko dira.