BUPk 0,91 euro garestituko du ur-horniduraren kuota finkoa
Busturialdeko Ur Partzuergoak (BUP) bizi duen egoera ekonomiko «larria» dela eta, neurriak hartuko ditu erakundeak. Besteak beste, ur-horniduraren tasa berriak onartu ditu. Hala, herritarrak orain arte ordaintzen zuena baino 0,91 euro gehiago ordaindu beharko du; alegia, 5,61 euro hiru hilero.
Joan den azaroan hartu zuen Iratxe Arriolak Ur Partzuergoko lehendakari kargua, «egoera ekonomiko larriagaz» topo eginda. Izan be, salatu duenez, «aurrekontuak ez zeuden errealitatera egokituta, diru-partida batzuetan ez zegoen kontrolik, saneamendu sareko obretan ez-egonkortasun handia zegoen…». 2011ko abenduaren 31n, esaterako, 604.124 euroko zorra zeukan Ur Partzuergoak. Diru ezaren ondorioz, eta Bermeoko Udalak partzuergoagaz zuen zorra kontuan hartuta, 860. 000 euroko kreditua eskatu beharra izan zuen. Egoera horren aurrean, azterketa tekniko-ekonomikoa egitea proposatu zuen lehendakariak.
ATTEST enpresak egindako auditoriaren arabera, «azken sei urteetan gastuak sarrerak baino handiagoak izan dira, 2007. urtean izan ezik». Baina kontuan hartu behar da urte horretan 3.000.000 euroko kreditua eskatu zuela BUPk.
Gainera, egungo tasekin batzen den dirua zerbitzua mantentzeko «nahikoa ez» dela iritzita, hurrengo urtean fakturak egoerara egokitzen jarraitu beharko dutela diote.