Barrutialde Institutuko agerraldia
Busturialdea 2028 herri ekimena Bizkaiko Foru Aldundiak diseinatutako Lurralde Zatikako Planaren (LZP) kontra azaldu da barriro. Duela gutxi eskualdeko etxebizitza sektorearen inguruko hainbat daturen barri emon zuten, eta oraingoan, jarduera ekonomikoaz egin dute berba ekimeneko partaideek. Diotenez, “Aldundiaren LZPa onartuz gero, Busturialdeak gainbehera ekonomikoan jarraituko luke, iraganeko formulak errepikatuko bailirateke”.
Aldundiak eskualdea gainbeheratik ateratzeko “borondate zintzorik ez” duela salatu dute ekimeneko partaideek. Diotenez, “sistema ekonomiko neokapitalistaren eta espekulatzailearen ereduagaz” jarraitu gura du Foru Aldundiak, baina eredu horri aurre eginez, eskualdea auzolanean eraikitzeko ahalegina egingo dute Busturialdea 2028 ekimeneko kideek. Hala, eskualdeko “etorkizuna herritarren parte hartzean oinarritu” gura dute.
Ekimeneko ordezkarien ustez, Aldundiaren jokaera “oso larria” izan da, “herritarrak alboratu” baititu plana garatzerakoan. “Ez dugu inposaketarik behar, benetako parte hartzea behar dugu” esan dute.