Amaia Artetxeren zutabea: "Hi bizi haiz hi"
Ondiño be sinistu ezinik nabil. Egia da, neuk ikusi dodalako esaten dau abestiak, baina, neuk ikusi ez badot be egia berdaderoa da. Eta eskerrak ene begiek ez eben ikusi ze orduan bai ez zan izango makala sentituko nauen lotsaria. Neure herrian bertan egin dabe manifestazinoa geure herrian bizi diren etorkinen aurka.
Ene bada… zenbat aldiz jorratuko nauen gai hau neure kazetari izanean, zenbat aldiz galdetu izan dogun iturri ofizialetan desberdintasunik egiten ote dan etorkin eta bertakoen artean diru laguntzak banatzerakoan eta nahiz eta enegarren bider ezeztatu deuskuen, hara non neuregeure herrian be ondiño hainbatek etorkinen kontrako jarrerea daukien. Gehien harritzen nauena halan da be, emon daben pausua da, batu eta protesta egin dabe; bai, udaletxe aurrean pankarta eta guzti… Ez dakit zuori, baina, neure bai emoten deust zer pentsa honek.
Harritu egiten nazela esan dot esaldi bat gorago baina, ez neuke harritu behar ze, neure hurreko jendearen artean be hamaikatxu bidar entzun dodaz kanpotarbertokoen kontrako komentarioak. Ganera, honelako komentarioak egiten dabezanek adibide konkretuak jartzen dabez zeuri, eszeptiko nazen honi, erakusteko ez dabilela asmatzen, berak badakiela bertako zeini ukatu jakon laguntza eta bertako ez den zein kanpotarri emon jakon etxea, argia, dirua, janaria… beharrean hasteko asmorik ez daukan bitartean.
Nik ezetz eta ezetz, berak baietz eta baietz. Bermioko Udala be agertu da azalpenak emon gurean, aurkeztu dabez zenbakiak, euretan ikusten da laguntzak jasotzen dabezanetatik zenbat lagun diran bertakoak eta zenbat kanpotarrak. Kanpotik etorritakoak da beharbada zuzenagoa.
Ez dakidana da, protestan dabiltzenetako zenbat leudeken prest lana galdu, diru sarrera guztiak galdu, familia galdu, etxea galdu eta ezer barik gelditzen direnean –eurena sentitzen ez daben herri barri batean, kasu askotan– diru laguntza eskatzera joateko eta emoten deutsienagaz bizitzeko. Eta jakin gurako neuke egoera horretan ondo biziko liraken. Ez dot uste.
Halan da be, ondo biziko balira etorriko jakien bermiotar bat «lapur» deitzera, bizitza barri bat hasteko izango luketen ilusio apurra zapuztuz.