Elkartasunari eta konpromisoari ohore
Fritz Teppich, Nino Nanetti, Felipe Matarranz eta Marcelo Usabiaga. Konpromisoaren eta elkartasunaren adierazle diren lau izen, lau bizitza. Lau gizon, helburu bakarra: faxismoaren aurka egitea. Eta, urteen buruan, borroka horrek jaso du esker ona, Askapenak eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteak lau gizon haien eskuzabaltasuna aintzatetsi baitu Atzoko eta gaurko faxismoaren aurka! Eraso inperialistarik ez Gernika ez inon! lelopean antolatutako egunean. Foru plazatik abiatuta Gernika-Lumoko kaleak zeharkatu zituzten lehenbizi ehunka lagunek, manifestazioan. «Iraganagaz, orainagaz eta etorkizunagaz» daukaten konpromisoaren adierazle, Herriak ez du barkatuko eta Ez Gernikan ez inon leloak oihukatu zituzten manifestariek. Ondoren, Pasealekura iritsita, omenaldi xumeari ekin zioten. Ahaztuak elkarteko Martxelo Alvarezek hartu zuen hitza lehenbizi, etorkizunera begira be memoria bizirik mantentzearen garrantzia nabarmenduz. Ildo beretik mintzatu zen elkarte bereko Txema Uriarte be. Haren berbatan, «atzo eta gaur bezala, bihar be borrokatu egin beharko dugu , borrokatzen jarraitu beharko dugu faxismoaren eta kapitalismoaren aurka. Askatasunaren bidean, ezinbestekoa da gure oroimena bizirik mantentzea». Internazionalisten beharra Ondoren etorri ziren unerik hunkigarrienak. Helmut Teppichek aitaren omenezko oroigarri bat jaso zuen Alvarezen eskutik. Izan be, Ahaztuak elkarteko kideak azaldu zuenez, «alemaniarrak ez ziren soilik Gernika bonbardatu zuten hegazkinetan egon. Faxismoaren aurka borrokatu zen pertsona solidarioak be egon ziren, eta horietako bat izan zen Fritz Teppich [...]
Fritz Teppich, Nino Nanetti, Felipe Matarranz eta Marcelo Usabiaga. Konpromisoaren eta elkartasunaren adierazle diren lau izen, lau bizitza. Lau gizon, helburu bakarra: faxismoaren aurka egitea. Eta, urteen buruan, borroka horrek jaso du esker ona, Askapenak eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteak lau gizon haien eskuzabaltasuna aintzatetsi baitu Atzoko eta gaurko faxismoaren aurka! Eraso inperialistarik ez Gernika ez inon! lelopean antolatutako egunean.
Foru plazatik abiatuta Gernika-Lumoko kaleak zeharkatu zituzten lehenbizi ehunka lagunek, manifestazioan. «Iraganagaz, orainagaz eta etorkizunagaz» daukaten konpromisoaren adierazle, Herriak ez du barkatuko eta Ez Gernikan ez inon leloak oihukatu zituzten manifestariek. Ondoren, Pasealekura iritsita, omenaldi xumeari ekin zioten.
Ahaztuak elkarteko Martxelo Alvarezek hartu zuen hitza lehenbizi, etorkizunera begira be memoria bizirik mantentzearen garrantzia nabarmenduz. Ildo beretik mintzatu zen elkarte bereko Txema Uriarte be. Haren berbatan, «atzo eta gaur bezala, bihar be borrokatu egin beharko dugu , borrokatzen jarraitu beharko dugu faxismoaren eta kapitalismoaren aurka. Askatasunaren bidean, ezinbestekoa da gure oroimena bizirik mantentzea».
Internazionalisten beharra
Ondoren etorri ziren unerik hunkigarrienak. Helmut Teppichek aitaren omenezko oroigarri bat jaso zuen Alvarezen eskutik. Izan be, Ahaztuak elkarteko kideak azaldu zuenez, «alemaniarrak ez ziren soilik Gernika bonbardatu zuten hegazkinetan egon. Faxismoaren aurka borrokatu zen pertsona solidarioak be egon ziren, eta horietako bat izan zen Fritz Teppich (Berlin, Alemania, 1918)». Nabarmen hunkituta, aita sarritan mintzatzen zela Gernikaz esan zuen Azaña eta Tomas Meabe milizietan eta 163 brigadan faxisten kontra borrokatu zen alemaniarraren semeak.
Askapeneko kide Julen Zulaikak, ondoren, «indar inperialistek» Gernikako bonbardaketan izan zuten parte hartzea aipatu zuen. «Beren estatusa mehatxupean ikusi zuten», esan zuen Zulaikak. Halaber, gaur egun inperialismoak bere horretan darraiela esan zuen. Afganistan, Txetxenia, Palestina, Irak, Siria… aipatu zituen, besteak beste, Askapeneko kideak. «Horren aurrean, ezinbestekoa da indar internazionalista indartsu bat egotea». Ildo beretik, 1937ko ekainaren 21ean Zallan zauritutako eta hilabete beranduago Santanderren (Kantabria, Espainia) hildako Nino Nanetti internazionalista italiarraren elkartasuna goraipatu zituen Zulaikak.
Gizarte justuago baten alde
Marcelo Usabiaga «borrokalari komunista eta internazionalista» ordiziarrak hartu zuen berba azkenik. Gaur egun 95 urte dauzkala eta horietako 21 kartzelan eman dituela azaldu zuen ordiziarrak. Halanda be, borrokarako grina oraindik baduela utzi zuen agerian Usabiagak, «mundu hobe baten alde» eta «gizarte justuago baten alde borrokatzen» jarraitzera deitu baitzituen bertaratutakoak, txalo artean.
Ekitaldiari amaiera emateko, Eusko Gudarostean edo milizia errepublikarretan sartzeko gudari haiek guztiek sinatutako eskuorriaren kopiak izenpetu zituzten hainbat lagunek, faxismoaren aurkako eta askatasunaren aldeko borrokarekiko konpromisoa berretsiz.