Suak eragindako agonia, oroimen kolektiboan gorde den minaren isla
“Obra hau oroimen kolektiboan gordeta dagoen mina adierazteko gai izatea espero dut”. Nahi hori plazaratu du Nestor Basterretxea artista bermeotarrak gaur Gernika-Lumoko bonbardaketaren 75. urteurrenean, Suak eragindako agonia obraren inau...
“Obra hau oroimen kolektiboan gordeta dagoen mina adierazteko gai izatea espero dut”. Nahi hori plazaratu du Nestor Basterretxea artista bermeotarrak gaur Gernika-Lumoko bonbardaketaren 75. urteurrenean, Suak eragindako agonia obraren inaugurazio ekitaldian. Bonbardaketaren lekuko izandako hainbaten aurrean, inguruan batutako gernikar askoren aurrean eta udal agintarien, Jaurlaritzako ordezkarien eta hainbat politikari ezagunen aurrean egin ditu adierazpenak Basterretxeak. 1937ko apirilaren 26 hartan Gernika-Lumon gertatutakoaren lekukotza emotea izan da artistaren asmoa obra egiterakoan, “barkatu daitekeelako, baina sekula ez ahaztu”.
Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok be Basterretxearena sarraski hura ez ahazteko obra dela esan du. “Oroimenari omenaldia da eskultura hau, euskaldunei, gure identitateari eta gur historiari aipamen egiten diona”. Hala, biolentziagaz amaitu egin behar dela esan du Gernika-Lumoko alkateak, giza eskubideak errespetatu egin behar direla, eta justizia egin behar dela. “Madrilgo gobernuak egia esan beharko luke, Alemaniakoak orain 15 urte egin zuen bezala. Gernika ez zuten gorri separatistek erre”.
Gernika Gernika-Lumora ekartzeko sasoia be badela esan du Gorroñok, “aitzakiarik barik”.