Lau herri, lau nazio… independentziarantz
Autodeterminazioa eta independentzia lortzeko bidean elkartu diren bost pertsona dira Angel Oiarbide, Anne Arquee, Joan Vives, Steven Vergauwen eta Christopher White. Estaturik gabeko nazioetako ordezkari independentistak dira, hain zuzen be. Euskal Herriaren, Kataluniaren, Flandriaren eta Eskoziaren autodeterminazio eskubidea gauzatzea eta herrialde horiek independentzia lortzea da euren asmoa. Hala adierazi zuten, behintzat, herenegun Gernika-Lumon egindako mahai-inguruan. EPI sarearen (Independentziaren aldeko Europako Taldea) kide dira ordezkariak. «Modu baikor, eraginkor eta zorrotz» batean lan egin nahi du EPIk, Arqueeren esanetan. Bitartean, «herritarra ezin da politikarien zain geratu»; izan be, Arqueek aipatu duenez, «hiritarrak etorkizunean ahalmen handia du». Helburu bera dute, baina bizi duten egoera, ez. Hori dela eta, herrialde bakoitza zein prozesutan dagoen azaldu zuten heregenun Euskal Herriko, Kataluniako, Flandriako eta Eskoziako ordezkariek, Martxelo Otamendi Berriako zuzendariagaz batera. «Itxaropen handia dago Eskozian; ezaguna da Flandrian dagoen subiranotasun gose eta egarria; arrakasta handia izan du Nazioen Mundua mugimenduak eta badirudi Katalunian berpizte eta suspertze soberanista dagoela», azalduz eman zion hasiera Otamendik mahai-inguruari. «Bada munduan klub oso esklusiboa dena, bazkide gutxi dituena…» esanez jarraipena eman zion. Autodeterminazio erreferenduma deitzeko eskubidea onartua duten nazioen klubaz ari zen Otamendi. «Zu zara edo estaturik gabeko nazio bat, edo estatu bat zara, baina oso gutxi dira estaturik gabeko nazioak [...]
Autodeterminazioa eta independentzia lortzeko bidean elkartu diren bost pertsona dira Angel Oiarbide, Anne Arquee, Joan Vives, Steven Vergauwen eta Christopher White. Estaturik gabeko nazioetako ordezkari independentistak dira, hain zuzen be. Euskal Herriaren, Kataluniaren, Flandriaren eta Eskoziaren autodeterminazio eskubidea gauzatzea eta herrialde horiek independentzia lortzea da euren asmoa. Hala adierazi zuten, behintzat, herenegun Gernika-Lumon egindako mahai-inguruan.
EPI sarearen (Independentziaren aldeko Europako Taldea) kide dira ordezkariak. «Modu baikor, eraginkor eta zorrotz» batean lan egin nahi du EPIk, Arqueeren esanetan. Bitartean, «herritarra ezin da politikarien zain geratu»; izan be, Arqueek aipatu duenez, «hiritarrak etorkizunean ahalmen handia du».
Helburu bera dute, baina bizi duten egoera, ez. Hori dela eta, herrialde bakoitza zein prozesutan dagoen azaldu zuten heregenun Euskal Herriko, Kataluniako, Flandriako eta Eskoziako ordezkariek, Martxelo Otamendi Berriako zuzendariagaz batera.
«Itxaropen handia dago Eskozian; ezaguna da Flandrian dagoen subiranotasun gose eta egarria; arrakasta handia izan du Nazioen Mundua mugimenduak eta badirudi Katalunian berpizte eta suspertze soberanista dagoela», azalduz eman zion hasiera Otamendik mahai-inguruari.
«Bada munduan klub oso esklusiboa dena, bazkide gutxi dituena…» esanez jarraipena eman zion. Autodeterminazio erreferenduma deitzeko eskubidea onartua duten nazioen klubaz ari zen Otamendi. «Zu zara edo estaturik gabeko nazio bat, edo estatu bat zara, baina oso gutxi dira estaturik gabeko nazioak zeinek eskubide konstituzionala duten independentzia erreferenduma deitzeko», azaldu zuen. Hala, klub horretan sartzeko gertuen dagoena Eskozia dela uste du. Eskoziarekin batera, Flandria «oso ondo kokatuta» dagoela dio, eta baita Euskal Herria eta Katalunia be; «ez, ostera, Galizia, garai bateko Kanaria, Korsika, Britainia…».
Joan Vivesek Katalunian «sistema autonomikoak huts egin» duela esanez hasi du bere hizketaldia. Azaldu duenez, «alderdi politikoek ezin izan diote irtenbiderik eman herritarren nahiari». Katalunian erreferendumaren aldeko mugimendua sortu eta 750 udalerritan galdeketak egiten hasi zirela azaldu du. «Milioi bat herritar ingururi galde egin zitzaion erabakitzeko eskubideaz eta baiezkoa eman zuen gehiengoak», Vivesen hitzetan. Horregatik, 2013-2014ko hauteskundeetan eztabaida nagusia «erreferendumari bai edo erreferendumari ez» izango dela uste du. «Erabakitzeko eskubidea herriei dagokien eskubidea da, herrien ondasun bat da, eta hori ezin da ukatu» esanez bukatu zuen.
Bestalde, Belgika «ez dabilela» azaldu zuen Flandriako Steven Vergauwenek: «estatuaren erreformak izan ditugu, baina Belgika erreformatua ez da erabaki zuzena». Gainera, Belgikan gehiengoak ez duela gehiengoa ordezkatzen salatzeko tartea hartu zuen. Horregatik, independentzia agendako aukera indartsuena izatea «normaltzat» ikusten du Flandriakoak.
Christopher Whitek, bestalde, bideo konferentziaz azaldu zuen Eskoziaren egoera.Whitek arabera, 2011ra arte gutxiengoa zen idependentziaren alde zegoena, baina «ezberdintasunak aintzat ez hartzeak nortasun berezitua agerian utzi du». 2014an izango dute erreferenduma, eta, bitartean, «independentzia zer den aztertzeko» tartea hartuko dute.
Idiazabalgo Angel Oiarbidek Nazioen Mundua sarearen inguruan hitz egin zuen; 2007an Erresuma Batura joateko aukera izan zuten, baina Eskoziarekin lotura gehiago ikusi eta bertara abiatu ziren. Bertan, autodeterminazioari nola heldu aztertzen hasi ziren; «lokatzetan nahastuta zegoen kontzeptua zen orduan». «Guretzat autodeterminazioa ez zen hleburu politiko bat, sentsibilitate ezberdinetakoak elkartzeko topagunetzat geneukan». Egun, Gazta zati bat dokumentala kaleratu berri dutela be aipatu zuen.
Arqueek argi du helburua beteko dutela; alegia, nazioarteko agendan autodeterminazio eskubidea jartzea lortuko dutela. Bitartean, lau herrialde horien independentzia eta autodeterminazioa lortzeko bidean lanean ariko dira. Dena den, lan horretan «guztiek» parte hartu behar dutela dio; «denok behar baititugu eskubide guztiak».