Gernikako bonbardaketa nazioartean ezagutzera eman zuen kazetaria omendu dute gaur goizean
Beste batez, George L. Steer kazetariari omenaldia egin diote haren bustoaren parean. Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatea, Nicholas Rankin Steeren biografoa, Graham Keeley The Times egunkariko korrespontsala Espainian, Mateo Malaxetxebarria bonbardaketatik bizirik ateratakoa, Gernikazarrako kideak eta hainbat euskal politikari izan dira, besteak beste, kazetariari egindako omenaldian. Omenaldiari hasiera emoteko, Graham Keeley berriemaileak eta Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak lore eskaintza egin diote Steer kazetariari. Horren segidan, Alberto Iturriarte Gernikazarrako kideak hartu du hitza. “Aurten be George Steer omendu nahi dugu, Gernikako bonbardaketa nazioartean hedatu eta ezagutzera emon zuelako” esanez hasi du berbaldia. “Kazetari horrek Gernika bisitatu zuen bonbardaketa gertatu eta ordu batzuk geroago; hala, krimen nazkagarri hura The Times egunkarian jakinaraziz”, gogorarazi du. “Gerraren lehen biktima egia dela esan ohi da, eta Steerrek bere konpromisoagaz, egia manipulatua edo desitxuratua izan ez zedin lortu zuen”. Gorroñok, bere aldetik, bonbardaketaz geroztik esan dituzten “gezurrak” gogorarazi ditu; “ zenbat gezur ia 40 urtetan, eta beste horrenbeste urte gezur horiek argitu barik Madrilgo Gobernuaren aldetik. Eskerrak kazetari zintzoak dauden”. Izan be, alkatearen esanetan, “eureri esker ezagutzen ditugu gauza asko”. Horren adibide gisa jarri du George L. Steer. Izan be, Gorroñok azaldu duenez, “Steer izan zen gure herriak jasandako ezbeharraren, lazturaren, bidegabekeriaren berri eman zuen [...]
Beste batez, George L. Steer kazetariari omenaldia egin diote haren bustoaren parean. Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatea, Nicholas Rankin Steeren biografoa, Graham Keeley The Times egunkariko korrespontsala Espainian, Mateo Malaxetxebarria bonbardaketatik bizirik ateratakoa, Gernikazarrako kideak eta hainbat euskal politikari izan dira, besteak beste, kazetariari egindako omenaldian.
Omenaldiari hasiera emoteko, Graham Keeley berriemaileak eta Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak lore eskaintza egin diote Steer kazetariari. Horren segidan, Alberto Iturriarte Gernikazarrako kideak hartu du hitza. “Aurten be George Steer omendu nahi dugu, Gernikako bonbardaketa nazioartean hedatu eta ezagutzera emon zuelako” esanez hasi du berbaldia. “Kazetari horrek Gernika bisitatu zuen bonbardaketa gertatu eta ordu batzuk geroago; hala, krimen nazkagarri hura The Times egunkarian jakinaraziz”, gogorarazi du. “Gerraren lehen biktima egia dela esan ohi da, eta Steerrek bere konpromisoagaz, egia manipulatua edo desitxuratua izan ez zedin lortu zuen”.
Gorroñok, bere aldetik, bonbardaketaz geroztik esan dituzten “gezurrak” gogorarazi ditu; “ zenbat gezur ia 40 urtetan, eta beste horrenbeste urte gezur horiek argitu barik Madrilgo Gobernuaren aldetik. Eskerrak kazetari zintzoak dauden”. Izan be, alkatearen esanetan, “eureri esker ezagutzen ditugu gauza asko”. Horren adibide gisa jarri du George L. Steer. Izan be, Gorroñok azaldu duenez, “Steer izan zen gure herriak jasandako ezbeharraren, lazturaren, bidegabekeriaren berri eman zuen kazetaria”. Hori dela eta, Steer beti hiriaren oroimenean egongo dela esan du. Bakea sortzeko oroimena da hori, gatazkak bake-ekintzetan bihurtu zituen oroimenean.
Bestalde, kazetaritzari omenaldia egiteko aprobetxatu du gaurko eguna herriko alkateak; hain zuzen be, “euren lanbidetik lan miresgarria egiten duten kazetariak” omendu gura izan ditu: “kazeta-oharren bitartez, errealitatearen egiazko kontaketak egiten baitituzte egunero”. “Zuek zarete iritzi publikoaren sortzaileak” esan eta biolentzia bultzatzen ez duen lengoaia erabiltzera, kultura eta gizarte arteko tolerantzia bultzatzen duen hori erabiltzera gonbidatu ditu bertaratutako kazetariak. Hala, egiak argitzen jarraitzeko eskatu die kazetariei, “George L. Steer-ek bere garaian egin zuen bezala”.
George L. Steer Gernikako bonbardaketaren testigantza munduan zehar zabaldu zuen kazetaria izan zen. Condor legioak herria bonbardatu eta ordu batzuetara iritsi zen Steer eta, ostean, Hegoafrikan jaiotako kazetariak gertatutakoaren berri eman zuen Londresko (Britainia Handia) The Times egunkarian, `Gernika faxistek bonbardatu dute´ titularpean.