“Arduraz eta atsekabez” ikusten du Udalak joan den zapatuko protesta
Joan den zapatuan diru-laguntza sozialen inguruan eta inmigrazioarekiko erregulazio faltaren aurka zenbait herritarrek egindako protestaren aurrean, Bermeoko Udalak «ardura eta atsekabea» agertu du. Izan be, Gizarte Ongizate Batzordean aho batez onartu duten adierazpenean azaldu legez, «gure herriaren bizikidetza arriskuan ipintzen dituzten zenbait jokaera kaleratu ziren». 100 lagun inguru bildu ziren joan den zapatuan udaletxe aurrean Udalari «inmigrazio legea, betebeharrak bete daitezen eta alor guztietan tratu bardina eskatzeko» protesta eginez. Horren aurrean Bermeoko Udalak bere iritzia plazaratu gura izan du eta horretarako gaur goizean Udala osatzen duten taldeek prentsaurrekoa eskaini dute. Kritikak egiteko eta herria hobetzen lagundu dezaketen gaiak proposatzeko, «informazioa eta benetako datuak esku artean izatea da garantiarik onena», esan dute. «Informazio faltaren ondorioz erraz zabaltzen diren aurreiritziek bizikidetza kaltetzen dute eta gure herriaren ongizatea eta giroa kaskartzen dute». Informazio falta horrek, gainera, herria «ahultzen» duela diote adierazpenean. Zurrumurruak «alboratu» Zurrumurruen gainean eraikitako «mamuek» herriari «ez diotela bat ere onik egiten» adierazi dute. Horregatik, herriaren aldeko jokabidea egin gura izanez gero, horiek «alboratu» beharra dagoela aipatuz. Zapatuko manifestazioan «gizarteratzeko diru-laguntzen eta etorkinen aurka hainbat lagun bildu zirela eta», Udalak zenbait datu erraztu gura izan ditu. Hiru motatako diru-laguntzak existitzen dira: RGI (Diru sarrerak bermatzeko errenta). - Erroldatuta dauden 627 familiak [...]
Joan den zapatuan diru-laguntza sozialen inguruan eta inmigrazioarekiko erregulazio faltaren aurka zenbait herritarrek egindako protestaren aurrean, Bermeoko Udalak «ardura eta atsekabea» agertu du. Izan be, Gizarte Ongizate Batzordean aho batez onartu duten adierazpenean azaldu legez, «gure herriaren bizikidetza arriskuan ipintzen dituzten zenbait jokaera kaleratu ziren».
100 lagun inguru bildu ziren joan den zapatuan udaletxe aurrean Udalari «inmigrazio legea, betebeharrak bete daitezen eta alor guztietan tratu bardina eskatzeko» protesta eginez.
Horren aurrean Bermeoko Udalak bere iritzia plazaratu gura izan du eta horretarako gaur goizean Udala osatzen duten taldeek prentsaurrekoa eskaini dute. Kritikak egiteko eta herria hobetzen lagundu dezaketen gaiak proposatzeko, «informazioa eta benetako datuak esku artean izatea da garantiarik onena», esan dute. «Informazio faltaren ondorioz erraz zabaltzen diren aurreiritziek bizikidetza kaltetzen dute eta gure herriaren ongizatea eta giroa kaskartzen dute». Informazio falta horrek, gainera, herria «ahultzen» duela diote adierazpenean.
Zurrumurruak «alboratu»
Zurrumurruen gainean eraikitako «mamuek» herriari «ez diotela bat ere onik egiten» adierazi dute. Horregatik, herriaren aldeko jokabidea egin gura izanez gero, horiek «alboratu» beharra dagoela aipatuz.
Zapatuko manifestazioan «gizarteratzeko diru-laguntzen eta etorkinen aurka hainbat lagun bildu zirela eta», Udalak zenbait datu erraztu gura izan ditu.
Hiru motatako diru-laguntzak existitzen dira:
- RGI (Diru sarrerak bermatzeko errenta).
– Erroldatuta dauden 627 familiak jasotzen dute.
– Horietatik 218 etorkinak dira, hau da, heren bat.
– Gehienez, 612 euro emoten dira.
– Gernikako Lanbiden eskatzen da diru-laguntza. - PCV (Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria).
– 238 familiak jasotzen dute etxebizitza alokatzeko laguntzak.
– Horietatik 174 etorkinak dira.
– Gehienez, 250 euro emoten dira.
– Gernikako Lanbiden eskatzen da diru-laguntza. - AES (Gizarte Larrialdietarako Laguntzak).
– 181 familiak jasotzen dute etxeko gastuetarako.
– Horietatik 156 herritarrak dira eta 25 etorkinak.
– Gizarte Zerbitzuen Bermeoko bulegoetan eskatzen da.
Herritarrei informazioa
Udalaren esku dauden datuak ahalik eta modurik garbienean emon gura dizkie herritarrei. Horregatik, Idurre Bideguren Bermeoko alkateak adierazi legez, esku-orriak egingo dituzte etxe guztietara iris daitezen, batetik. Eta bestetik, datozen egunetan agerraldia egingo dute herritarrak jakinaren gainean jar daitezen.