Sustrai erreetatik memoria eraikitzen
Memoria barik, herri baten historia berreraikitzea ezinezko da, eta historia barik, herri batek ez du etorkizunik. Gernikazarra Historia Taldeko eta Aldabako kideek ondo dakite oroimena, historia eta etorkizuna eskutik helduta doazela, eta Gernika-Lumoren bonbardaketa “ahanzturan ez geratzeko” asmoagaz liburu barri bat kaleratu dute ankerkeria horren 75. urteurrean: Sustrai Erreak 2 Guernica 1937. Gernikazarrak eta Aldabak 1987an kaleratu zuten Sustrai Erreak liburua bonbardaketaren 50. urteurrena gogoratzeko, baina liburu barria “hobetuta eta osatuago” aurkeztu zuten Gernika-Lumoko Juntetxean. Ana Maria Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariaren berbetan, liburua “amnesiaren kontrako txerto bat” da. Madariagak jakinarazi zuenez, liburuaren egileek “lan aparta” egin dute. “Bildurrak gure familiak barriro ez banatzeko, iragana ondo ezagutu behar da, eta zentzu horretan, liburua oinarrizko tresna da Gernika-Lumon gertatu zena hobeto ezagutzeko” esan zuen. Hala, oraindik be, oroimena berreskuratzen laguntzen duten ekimenak bultzatzea “ezinbestekoa” dela deritzo, etorkizuneko belaunaldiek “egiaren barri” izan dezaten. Ikuspegi historikotik idatzia Sustrai Erreak 2 Guernica 1937 liburuak 416 orrialde ditu, eta zortzi ataletan banatu dute egileek. Zortzi atal horietan, bonbardaketaren aurreko eta ondorengo giroak batu gura izan dituzte, “ikuspegi historiko batetik”. Izan be, “politika eta alderdikeriak liburutik kanpora” utzi zituzten, Vicente del Palacio Aldabako kideak jakinarazi zuenez. Palacioren berbetan, bonbardaketa bizi izan zutenen “testigantzak belaunaldi barriei helaraztea” [...]
Memoria barik, herri baten historia berreraikitzea ezinezko da, eta historia barik, herri batek ez du etorkizunik. Gernikazarra Historia Taldeko eta Aldabako kideek ondo dakite oroimena, historia eta etorkizuna eskutik helduta doazela, eta Gernika-Lumoren bonbardaketa “ahanzturan ez geratzeko” asmoagaz liburu barri bat kaleratu dute ankerkeria horren 75. urteurrean: Sustrai Erreak 2 Guernica 1937.
Gernikazarrak eta Aldabak 1987an kaleratu zuten Sustrai Erreak liburua bonbardaketaren 50. urteurrena gogoratzeko, baina liburu barria “hobetuta eta osatuago” aurkeztu zuten Gernika-Lumoko Juntetxean. Ana Maria Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariaren berbetan, liburua “amnesiaren kontrako txerto bat” da.
Madariagak jakinarazi zuenez, liburuaren egileek “lan aparta” egin dute. “Bildurrak gure familiak barriro ez banatzeko, iragana ondo ezagutu behar da, eta zentzu horretan, liburua oinarrizko tresna da Gernika-Lumon gertatu zena hobeto ezagutzeko” esan zuen. Hala, oraindik be, oroimena berreskuratzen laguntzen duten ekimenak bultzatzea “ezinbestekoa” dela deritzo, etorkizuneko belaunaldiek “egiaren barri” izan dezaten.
Ikuspegi historikotik idatzia
Sustrai Erreak 2 Guernica 1937 liburuak 416 orrialde ditu, eta zortzi ataletan banatu dute egileek. Zortzi atal horietan, bonbardaketaren aurreko eta ondorengo giroak batu gura izan dituzte, “ikuspegi historiko batetik”. Izan be, “politika eta alderdikeriak liburutik kanpora” utzi zituzten, Vicente del Palacio Aldabako kideak jakinarazi zuenez.
Palacioren berbetan, bonbardaketa bizi izan zutenen “testigantzak belaunaldi barriei helaraztea” izan da helburua, eztabaida handia sortu duten gaiak alboratu barik, eta historialariek luzaro eztabaidatu dituzten gaiei erreparatuz. Liburua kronologikoki antolatu dute, eta hainbat testigantza eta argazki batu dituzte egileek, lana erakargarriagoa egiteko. Azalaren diseinua, bestalde, Jesus Mari Lazkano margolari ezagunak egin du.