Altxikar auzoko mendi hegalari eusteko lanak amaitu ditu Eako Udalak
“Altxikar auzoko mendi hegalaren ondoan bizi diren herritarrak lasaiago biziko dira aurrerantzean”, Juan Luis Landazabal Eako alkateak jakinarazi duenez. Hilabeteetako lanen ostean, Udalak amaiera emon dio herriko “gai korapilatsuenetako bati”. Izan be, maldan behera jauzi zitezkeen harriak, “loa kentzeko modukoak” zirela argudiatu du alkateak. 1999ko lehenengo lurjauzian, esaterako, haranaren sakonean lanean zegoen behargin bat hil zen, 15.000 m3 lur jausi ostean. Hala, berregokitzapen lanak amaituta, alkatea “pozarren” azaldu da 12 urteko “ibilbide gogorrari” amaiera emon baitiote. Horrenbestez, Altxikar auzoko arazoa konpontzen lagundu duten guztiak izan ditu gogoan Landazabalek: Bizkaiko Foru Aldundia, Asier Madarieta alkate ohia, eta lurren jabeak, besteak beste. Agustin Larrea proiektua egin duen enpresaren teknikariak azaldu duenez, “arazoari irtenbidea emotea ez da erraza izan”. Dioenez, 3000m3 lur kendu behar izan dituzte, eta horretarako, “kontu handiagaz” ibili behar izan dute, “harritxarrak” maldan behera erortzeko arriskua baitzegoen. Lur soltea eta harriak kendu ostean, euskarriak sartu dituzte lurzoruan, eta hiru motako sareak jarri dituzte. Guztira, 1800m2 sare jarri dituzte lurrari eusteko, eta lurzoruan sartu dituzten euskarri guztien artean, bestalde, 1.000 metroko luzera duen burdinazko makila egin zitekeen. Larrearen berbetan, “makinaria asko erabili behar izan dugu, baina emaitza oso ona dela deritzot”. Naturak bere bidea egiten duenean, mendi hegalean kolore berdea nagusituko [...]
“Altxikar auzoko mendi hegalaren ondoan bizi diren herritarrak lasaiago biziko dira aurrerantzean”, Juan Luis Landazabal Eako alkateak jakinarazi duenez. Hilabeteetako lanen ostean, Udalak amaiera emon dio herriko “gai korapilatsuenetako bati”. Izan be, maldan behera jauzi zitezkeen harriak, “loa kentzeko modukoak” zirela argudiatu du alkateak. 1999ko lehenengo lurjauzian, esaterako, haranaren sakonean lanean zegoen behargin bat hil zen, 15.000 m3 lur jausi ostean.
Hala, berregokitzapen lanak amaituta, alkatea “pozarren” azaldu da 12 urteko “ibilbide gogorrari” amaiera emon baitiote. Horrenbestez, Altxikar auzoko arazoa konpontzen lagundu duten guztiak izan ditu gogoan Landazabalek: Bizkaiko Foru Aldundia, Asier Madarieta alkate ohia, eta lurren jabeak, besteak beste.
Agustin Larrea proiektua egin duen enpresaren teknikariak azaldu duenez, “arazoari irtenbidea emotea ez da erraza izan”. Dioenez, 3000m3 lur kendu behar izan dituzte, eta horretarako, “kontu handiagaz” ibili behar izan dute, “harritxarrak” maldan behera erortzeko arriskua baitzegoen.
Lur soltea eta harriak kendu ostean, euskarriak sartu dituzte lurzoruan, eta hiru motako sareak jarri dituzte. Guztira, 1800m2 sare jarri dituzte lurrari eusteko, eta lurzoruan sartu dituzten euskarri guztien artean, bestalde, 1.000 metroko luzera duen burdinazko makila egin zitekeen.
Larrearen berbetan, “makinaria asko erabili behar izan dugu, baina emaitza oso ona dela deritzot”. Naturak bere bidea egiten duenean, mendi hegalean kolore berdea nagusituko dela uste du. Zonaldea berdetzen laguntzeko, gainera, zenbait landare jarri dituzte. Kolore berdea emoteaz gain, landareek hezetasuna gutxituko dutela eta lurrari hobeto eusten lagunduko dutela argudiatu du teknikariak.