“Altxikar auzoko mendi hegalaren ondoan bizi diren herritarrak lasaiago biziko dira aurrerantzean”, Juan Luis Landazabal Eako alkateak jakinarazi duenez. Hilabeteetako lanen ostean, Udalak amaiera emon dio herriko “gai korapilatsuenetako bati”. Izan be, maldan behera jauzi zitezkeen harriak, “loa kentzeko modukoak” zirela argudiatu du alkateak. 1999ko lehenengo lurjauzian, esaterako, haranaren sakonean lanean zegoen behargin bat hil zen, 15.000 m3 lur jausi ostean. Hala, berregokitzapen lanak amaituta, alkatea “pozarren” azaldu da 12 urteko “ibilbide gogorrari” amaiera emon baitiote. Horrenbestez, Altxikar auzoko arazoa konpontzen lagundu duten guztiak izan ditu gogoan Landazabalek: Bizkaiko Foru Aldundia, Asier Madarieta alkate ohia, eta lurren jabeak, besteak beste. Agustin Larrea proiektua egin duen enpresaren teknikariak azaldu duenez, “arazoari irtenbidea emotea ez da erraza izan”. Dioenez, 3000m3 lur kendu behar izan dituzte, eta horretarako, “kontu handiagaz” ibili behar izan dute, “harritxarrak” maldan behera erortzeko arriskua baitzegoen. Lur soltea eta harriak kendu ostean, euskarriak sartu dituzte lurzoruan, eta hiru motako sareak jarri dituzte. Guztira, 1800m2 sare jarri dituzte lurrari eusteko, eta lurzoruan sartu dituzten euskarri guztien artean, bestalde, 1.000 metroko luzera duen burdinazko makila egin zitekeen. Larrearen berbetan, “makinaria asko erabili behar izan dugu, baina emaitza oso ona dela deritzot”. Naturak bere bidea egiten duenean, mendi hegalean kolore berdea nagusituko [...]
Gotzon Basaraz, Nere Urrestarazu eta Lourdes Ansotegi Busturialdeko ELAren ordezkariek egueneko “greba deialdiagaz bat egiteko, eta mobilizazioetan parte hartzeko” eskatu dute, gaur eguerdian egindako agerraldi baten. “Zapaterok hasi eta Raxoik amaitu” duen murrizketa prozesu etengabea azken hamarkadetako atzerapauso handiena dela iritzita, langileriaren oihua “kalera” ateratzeko deialdia egin dute. Hala, goizean Bilbon egingo diren mobilizazioetara joateko, eta arratsaldean Gernika-Lumoko eskualde mailako manifestazioan parte hartzeko eskatu dute. Eskualdeko sindikatuek eta eragile sozialek deitu duten manifestazioa 18:30ean hasiko da, Merkurio Iturriaren ondotik. Urrestarazuk azaldu duenez, “greba eguna ez da etxean geratzeko, langileak bat eginik daudela erakusteko eguna da”. ELAren ordezkariaren ustez, urteetan zehar lan baldintzetan emon diren “aurrerapausoak bertan behera” geratu daitezke lan erreforma barriagaz. Izan be, lan erreforma egietaz gain, Alderdi Popularrak “negoziazio kolektiboaren erreforma” egitea ahalbidetuko du. ELAko ordezkariak baikor azaldu dira greba egunak izango duen harreraz berba egitean. Urrestarazuk, esaterako, grebak “harrera oso ona” izango duela esan du. “Herritarrak greba egiteko arrazoiekin bat datoz, eta kalera irtengo direla deritzogu” dio. Basarazek nabarmendu duenez, gainera, “kalean indarra egin ezean, lan erreformak aurrera egitea errazagoa izango da”. Hala, “basakeriaren aurrean” eskualdeko herritar guztiak mobilizatzea eskatu du. Beldurra berba be, ELAren ordekarien ahotan egon da. Urrestarazuk argitu duenez, “zenbait langileek greba ez egitearen [...]