Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeetan zein Mutrikun egunkaririk irakurriena da Hitza. CIES-en azken datuen arabera, bigarren irakurriena den El Correo español baino hiru aldiz gehiago irakurtzen da Hitza egunkaria.
Halanda be, prentsa gaur egun gero eta gutxiago irakurtzen da. Prentsa gainbeheran da, eta krisia areagotuz doa. Krisi ekonomikoak eragina izan du horretan, baina egunkarien etorkizuna ez dago finantza krisiaren menpe. Adituen arabera, finantza krisiari aurre eginez gero be, prentsaren krisiak bere horretan jarraituko duela pentsatzeko arrazoiak badaude. Izan be, azken hamarkadetan areagotuz joan den gainbehera da prentsarena.
Internet eta papera
Komunikazio arloan aditua den Aitor Zuberogoitia idazlearen arabera, hiru dira idatzizko komunikabideen gainbeheran eragina izan duten faktoreak: doako egunkariak; prentsak berak zilegitasuna galdu izana eta Internet.
Euskal komunikabideek egoerari buruz egindako hausnarketan prentsaren norabidea berrasmatu behar dela ondorioztatu dute. Halanda be, zalantzak dituzte zein bide hartu beharko luketeen zehazterako orduan. Etorkizuna edizio jarraituetan dagoela esan ohi dute sektoreko adituek, baina errealitatea oso bestelakoa da oraindik orain. Euskal prentsaren kasuan, eta Hitzaren kasuan batez be, bi eskualdeotan Interneteko erabiltzaile kopurua oraindik txikia da, eta ez da errentagarria. Azken urteetan sarera bideratu den publizitateak gora egin duen arren, diru sarrerak oraindik paperean daudela diote.
Salmentetan eragina
70.000 lagun inguru bizi dira Busturialdean, Lea-Artibain eta Mutrikun, eta 2011. urtean Bizkaian CIES-ek egindako azken azterketak 26.000 irakurle emoten zizkion Hitzari.
Eskualdeko egunkaria da Hitza, eta kasu horietan irakurleen fideltasuna mantentzea errazagoa dela uste du Zuberogoitiak: «Komunitatearen zentzua mantendu egiten da, eta herritarrek bere egiten dute tokian tokiko komunikabidearen proiektua».
Krisiak, dena den, eskualdeetako komunikabideak be jo ditu, gogor; eta aurretik zetorren prentsaren krisi hori areagotu egin da krisi ekonomikoagaz. Publizitate salmentek behera egin dute nabarmen; batik bat 2008. urtetik hona. Inguruko egunkari gehien-gehienek lehen baino %15 edo %25 gutxiago fakturatzen dute publizitate kontzeptuan.
Publizitatean bakarrik ez, diru laguntzetan be igarri da beherakada. Euskarazko komunikabideek erakunde publikoen laguntza behar izan dute, gaztelerazko medioek bereganatuta duten merkatuan lehiakorrak izatera heltzeko. Laguntza horiek, baina, behera egin dute azken urteetan.
Urteetako gainbehera
Faktoreak faktore, instituzioek ez diote eutsi euskal prentsa idatziari emon izan dioten laguntzari. Horri guztiari, irakurle kopuruan emon den beharakada gehitu behar zaio. Hitzaren kasuan, harpidetzetan beherakada pairatu du euskarazko egunkariak, arazo ekonomikoa areagotuz.
Urteetako gainbehera horrek kolokan jarri zuen Busturialdeko Hitza eta Lea-Artibaialdeko eta Mutrikuko Hitza egunkarien etorkizuna. Bi eskualdeotako bizilagunak informatuta mantentzeko konpromisoari eusteko asmoz, bi egunkariak batu egin ziren 2010eko azaroan. Autofinantziazio maila altuenetakoak ziren bi egunkariak eskualdeotan.
Bai Busturialdean eta baita Lea-Artibai eskualdean be, euskara sustatzeko proiektu estrategikoak ziren bi komunikabide horiek, baina horiek bultzatzeko diru laguntzak ez ziren espero bestekoak.
Hala, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza-ren lehenengo zenbakia atera zuten 2010. urteko azaroaren 5ean. Egoera ekonomiko zailak eragindako aldaketa izan arren, etorkizunari «sendo eta elkarrekin eusteko» apustua egin zuten bi enpresek, «proiektu guztiak mantentzeko asmoz, inor bidean utzi barik», orduko hartan aipatu legez.
Etorkizunari begira
Aldaketa horrek, baina, produktuaren kalitatea aldatzea ez eze, hobetzea be bazuen helburu. Etorkizunari begira jarriz, Interneti berebiziko garrantzia emotea erabaki zuen Hitzak. Izan be, sarean legoke komunikabideen etorkizuna, adituen arabera.