Aitor Zuberogoitia (Markina Xemein, 1972), Komunikazio Jakintza arloko koordinatzailea da, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean. Markinarraren ustez, prentsa idatziaren krisiaren «oinarrian» internet dago. Dioenez, etorkizunean internet gailenduko da prentsaren munduan, baina gaur egun, komunikabideak ez dira ausartzen aldaketa sakona bultzatzera.
Zein zan da prentsa idatziaren bilakaera azken hamarkadetan?
Azken hamarkadetan prentsa idatzia kontsumitzen dutenen zenbatekoak ikaragarri egin du behera. Kazetaritza ikasketak egiten nenbilenean, esaterako, guztiok joaten ginen klasera egunkaria besapean genuela. 2005ean EHUn klaseak emoten nenbilela, bestalde, %10ak bakarrik irakurtzen zuen egunkaria egunero. Pasadizo horrek argi erakusten du prentsa idatziak behera egin duela salmenta kopuruan. Interneten hedapen masiboaren eraginez, ikusentzunezkoek indar handia hartu dute, prentsa idatziaren kalterako.
Zeintzuk dira beherakada horren arrazoiak?
Nire ustez, internet izan da arrazoi nagusia. Interneten eraginez erreferentzia tenporala galdu du egunkariak. Modu berean, internetek beste irakurketa mota bat egiteko aukera emoten du. Irakurketa lineala egin beharrean, gune batetik bestera salto eginez irakurtzeko aukera emoten du sareak, soinuak, irudiak eta berbak uztartuz. Horregatik, ohiko egunkariak lekua egiten dabiltza gaur egun.
Multimediak be eragin zuzena izan du interneten gorakadan?
Guztiz lotuta egon dira. Etorkizuneko albisteen irakurleak, irakurketa linealetik harago joango dira. Nire belaunaldia irakurketa lineala egitera ohituta dago. Amaiera arte, lerroz-lerro irakurtzen dugu testu bat. Gaur egungo belaunaldiek, bestalde, beste irakurketa mota bat egiten dute: Link-en bitartez leku batetik bestera doaz saltoka. Irudiaren belaunaldia dira, eta elementu multimediak albisteetan txertatzea ezinbestekoa izango da, eguneroko irakurketan.
Arrazoi gehiago daude interneten gorakada ulertzeko?
Parte hartzeko emoten dituen aukerak, eta komunitatearen zentzua. Parte hartzearen arloan, esaterako, masa komunikazioaren garaitik gatozela ulertu behar dugu lehendabizi: mezuak komunikabideek sortzen dituzte, eta gizartera botatzen dituzte. Informazioa norabide bakarrean mugitzen zen, baina aldaketa garaian gaude. Gero eta gehiago, mezuak norabide guztietan mugitzen dira. Bestalde, komunitatearen zentzua sortzea ezinbestekoa izango da. Egunkaria berea dela sentitu behar dute irakurleek. Facebooken, Tuentiren eta Twiterren arrakastaren oinarrian komunitatearen zentzua dago.
Zeintzuk dira etorkizuneko joerak. Internet gailenduko da?
Egia esan, ezin dezakegu jakin zehazki zer gertatuko den. The Times, esaterako, edizio bereziak kaleratzen hasi zen interneten, eta harpidedun kopurua dezente hasi zen. Euskal Herrian, bestalde, Deia edukiengatik ordaintzen hasi zen, baina atzera egin behar izan zuen. Gaur egun El Mundo egunkariko zenbait edukin irakurtzeko, adibidez, ordaindu egin behar da. Halanda be, oro har, egunkariak ez dira ausartzen, bezeroak galtzeko beldur baitira. Argi dute interneten egon behar dutela, baina ez dira ausartzen edukiak ordainpean jartzera.
Zergatik?
Internet erabiliz negozioa nola egin daitekeen asmatu nahian dabiltza guztiak. Publizitatea be, oso astiro egiten dabil salto internetera, eta horrek zuzenean eragiten du. Ziurgabetasun egoeran bizi dira guztiak.
Hortaz, ezin dugu zehaztu noiz hasi beharko dugun interneteko edukinengatik ordaintzen?
Ez naiz ausartzen noiz helduko den esatera, baina edukiak norbaitek ekoiztu behar ditu, eta ekoizpenak beti izango du prezio bat. Albisteak ez dira doan sortzen, eta lan hori ordaindu egin beharko dela uste dut. Hala, epe ertainean zenbait edukin irakurtzeagatik ordaintzea normala izango dela deritzot. Albisteak denbora eta lanketa eskatzen du, eta kazetariak desagertuz gero, nork idatzi behar du?
Egunkari lokalen eta nazionalen artean ezberdintasunak daude?
Prentsaren krisiari hoberen eutsi dioten komunikabideak lokalak dira, baina horietan be aldaketa emongo da. Komunikabe lokalek be multimediara egin beharko dute salto.
Eta euskararen eta gazteleraren artean?
Krisiak berdin jo ditu euskarazko edota gaztelerazko komunikabideak. Halanda be, gauza oso positibo bat gertatu da euskarazko komunikabideekin: informazio lokalaren esparrua bete dute, gaztelerari aurrea hartuz. Horiei esker, sekula euskaraz irakurri ez dutenak be euskaraz irakurtzen hasi dira. Euskarazko prentsa lokala erreferente bihurtzea lortu da leku askotan.
Papera guztiz baztertuko dute komunikabideek?
Ez dut uste guztiz izango denik. Paperak beti izango du analisirako tarte gehiago, eta minoria iritzi sortzaile batek kontsumituko duela deritzot. Etorkizunean informazio asko eta sakona gura duten pertsonek irakurriko dituzte egunkariak.