Amaia Jauregizarren zutabea: Gerratik basamortura
Kalea kanbiau egiten da, kaletarrok kanbietan garan neurrian: batzuetan, gustura ikusten dogu zelan kanbietan dan; beste batzuetan, ez horrenbeste. Kanbieteak ez dauka zertan ona edo txarra izan. Ni ia atzo goizekoa naz, baina urteak pasau ahala, kanbioak nabarmenagoak egiten dira. Berbarako, lagunartean makinatxu bat bider ibili gara berbetan hamahiru-hamalau urteko nesken gaur egungo itxurea eta orduko gurearen ganean: akorduan daukagu gitxi gorabehera euren edadea geunkala, gure edadeko neskatila batek ulea tintau ebala; beste batek, bere lagunak, permanentea egin; FMra, plazara, etorri zirala biak; akorduan daukagu bitartean txandala izan zala gure bigarren azala –goizean partidua euki ezkero ia lehenengo azala, azal urdina, Allende Salazar ikastetxekoa–. Akorduan daukagu, arabere, zelan kanbietan geuntsan formea andereñoak emoniko klipari, eta klipa haginetan ipini, aparatua geunkala erakusteko.
Pentsau baino denpora gitxiagoan pasau zan herriko gazteria txandalaren modatik, erpeetatik, mendiko botanera. Zapatu gabetan ez zan mendirik igon behar izaten, baina kaleak eta tabernak «basaz» beterik egozan sasoia zan; kalea bizirik egoan sasoia. Arrazoiak makinatxu bat egongo dira horretan be kanbioak egoteko.
Ez naz ni inondik be tabernei zapaturo bizitasuna emoten deutsienetakoa, baina pena apur bat emoten deust zapatu gabaz kaleak hutsik ikusteak. Bai, badakit, (gazteon) denpora librea ez da zapatura bakarrik mugatu behar, baina zapatuak zapatu dira; parkatu, ziran. Pintxopotearen idea pozik hartu neban, kaleak lehengotik zeozertxu hartuko eban esperantzeagaz. Egon izan naz herriko tabernetan Pintxopotearen hiru orduetan. Sekula euki ez dodazan mendiko botak erostekotan egon naz behin baino gehiagotan hiru ordu horreen barruan: gerrea eta basea, zenbat gura. Hori bai, gabeko hamarrak joteagaz batera, gerrea amaitu eta basea gogortu egin izan da. Eta danok dakigu polito edan eta gogortu dan basearen ganera jaustea mingarria dana. Gabeko hamarretatik aurrera, basamortua.
Jakin dakit edade baten dosifiketea ia inposiblea dana, baina denporea, dirua eta edana dosifikau ezkero –ahal dan neurrian, beti be–, ez dago gabeko hamarretan herria basamortu zertan bihurtu. Pintxopotea Europote bihurtu da oin, hileko azken zapatuko «Europote + pintxoa» gehituta, baina pentsetan dot mendiko botak erosi eta hiru orduz jantzi beharko dodazala eta txankletak boltsan gorde. Badakizue, hiru orduko gerrearen ostean etorten dan basamorturako.