Urdaibai Bird Centerretik jaurti du Euskalmetek bere lehen globo zunda
Euskal meteorologiak agentziak, Euskalmetek, bere lehenenengo globo zunda meteorologikoa jaurti du gaur. Horretarako aukeratutako lekua ez da edozelakoa izan, Urdaibairen bihotzetik egin baitu jaurtiketa. Hain zuzen, Gautegiz Arteagan dagoen Urdaibai ...
Euskal meteorologiak agentziak, Euskalmetek, bere lehenenengo globo zunda meteorologikoa jaurti du gaur. Horretarako aukeratutako lekua ez da edozelakoa izan, Urdaibairen bihotzetik egin baitu jaurtiketa. Hain zuzen, Gautegiz Arteagan dagoen Urdaibai Bird Centerretik jaurti dute globo zunda.
Euskalmeteko ordezkariez gain, Rodolfo Ares Barne sailburua egon da Gautegiz Arteagan. Urdaibai Bird Centerreko arduradunen azalpenak jaso ditu Aresek, bertatik bertara ezagutuz hegaztien behaketarako zentro barria.
Meteorologiaren mundu mailako eguna aprobetxatu dute jaurtiketa egiteko. Aresen hitzetan, globo zunden sistemaz baliatzeak Europako agentzia onenen artean kokatzen du Euskalmet, eta pauso bat gehiago da iragarpen zehatzak bermatzeko. Bere esanetan, “aurkako fenomeno meteorologiak iragartzerakoan aurrea hartzeko aukera emango dute globo zundek, eta, horrenbestez, jendartearen segurtasuna bermatzeko baliagarriak izango dira”.
Euskalmetek Urdaibai Bird Centerren kokatutako miniestaziotik egunero-egunero jaurtiko dute globo zunda bat, 12:00etan. Bada, hegaztien behaketarako zentroa ordu horretan bisitatzen dutenek sistemaren funtzionamendua, erabilera eta helburua ezagutzeko aukera izango dute. Izan be, presio atmosferikoaren, tenperaturaren, hezetasunaren eta haizearen norabidearen inguruko parametroak ezagutzea ez ezik, hezkuntzarako tresna ere izan gura du miniestazioak.