Alaves B taldeak Jabi Luaces (Busturia, 1973) fitxatu du entrenatzaile lanetarako. Hirugarren mailako Portugalete eta Gernika futbol taldeetan entrenatzaile aritutakoa da Luaces. Oraingoan, erronka barri bati gogotsu heldu dio busturiarrak: Alaves B taldea jaitsiera postuetatik salbatzea, hain zuzen be.
‘Futbol bizitza, talde bizitza, lan bizitza’ dioen esaldia ageri da zure webgunean. Zer esan nahi du horrek?
Webgunea egin zidatenek jarri zuten esaldi hori, baina egia esan, bizitza ikusteko dudan modua eta futbol ikuspegia irudikatzen ditu esaldi horrek; alegia, futbola oso gustuko dudala, eta duela urte askotatik horri lotuta nagoela erakusten du. 18 urtegaz hirugarren mailako Cultural Durango futbol taldean jokatzen hasi nintzenetik gaur egun arte ez naiz geldirik egon; jokalari zein entrenatzaile aritu izan naiz maila polit batean, hobetzeko gogoekin.
Entrenatzaile eta jokalari aritu izan zara; zeinetan erosoago?
Dudarik barik, nik futbolean jokatzea nahiago izan dut beti. Beste batzuk entrenatzea polita da, baina norbere izaera asteburu guztietan lehiatu gura izate horretatik dator. Gogo hori faltan botatzen duzunean, entrenatzaile lanari eusten diozu; izan be, azken finean, lehiatzen jarraitzen duzu, eta gustuko duzun kirolagaz harremanetan jarraitzen duzu. Oso gustuko dut giro hori.
Sarritan aipatzen dituzu hiru ‘c’-ak garrantzitsuak direla. Zeintzuk dira ‘c’ horiek?
Burua, konfiantza eta konpromisoa (cabeza, confianza, compromiso). Futbol ideien barruan asko baloratzen ditudan kontzeptuak dira; horregatik, nire inguruan dagoen jendeak barnera ditzan ahalegintzen naiz; taldean daudenengan, nigaz lanean dabiltzanengan eta, batez be, jokalariengan. Urte askotan aritu izan naiz entrenatzaile Gernika Futbol Taldean, eta horiei be futbolean buruagaz jolastu behar dela, konfiantza izan behar dela eta konpromisoa adierazi behar dela erakutsi gura izan diet.
Alaves B taldeak hiru ezaugarri horiek dituela uste al duzu?
Momentuz, behintzat, bi ezaugarri baditu taldeak: buruagaz jokatzen dute eta euren buruarengan eta egiten dutenarengan konfiantza dute. Karakterra falta zaie. Talde gaztea da, eta egoera zailean daude.
Entrenatzaile zaren heinean, zer eskainiko diezu jokalariei?
Nire ezagupenak eta jokalari eta entrenatzaile moduan izandako bizipenak erakutsiko dizkiet. Ahalik eta erreminta gehien emoten saiatuko naiz, orain ilun dagoena zuri bihurtu dadin.