Alex Zubiaren zutabea: Ostikoaren aurretik
Dagoeneko badakigu zer gertatu den atzoko partidan, baina lerro hauek idazterakoan oraindik ordu batzuk falta dira San Mameseko partidu horretarako. Giroa bero dago, eguna behelainotua dagoen arren, hainbeste gauza ditugu behelaino artean eguzkiaren zai…
Umea eskolako bere gelara eraman dudanean, bost urteko umeen gelan, lau neska-mutil zeuden txuri gorriz jantzita, bandera txurigorri baten atzean “Athletic, Athletic” oihuka. Iluntze-gauean bost urtekoak ez ezik, beste adin guztietakoak aritu ziren oihuka. Honen harira, Xabier Letek abesten zituen Baserriren bertso batzuk datozkit burura eta gaurkoan Baserriri utziko diot nire zutabe hau osatzen. Barka diezadala berak, barka diezadazuela zuok nire atrebentziagatik. Pena merezi dutelakoan nago.
Futbola gora, futbola bera,
jendearen zoramena;
urte auetan ori da nunbait
oso modan dagoena
Iñork jakin nai badu gaur zein den
ofiziyorik onena
ostikalari oiek daukate
irabazi geiena.
Mutiko denen amets bakarra
ostikoketan asteko
anka-belaunek ainbat baliyo
zutenik ez nun usteko
ainbeste urtez zertan nekatu
karrera ikasteko?
Futbola bezelakorik ez da
milloiak irabazteko.
Jolas guztiyak onak dittugu
neurriz, bear den moduan
bakoitza bere zaletasunez
denok gustora orduan;
beldur naiz, jaunak, erri zar onek
zer egingo ote duan…
baloi zarraren kezka besterik
ez al da bizimoduan?
Aundi ‘ta ttiki, zar eta gazte
denok jarri gera berdin
gaitz berri ontaz kutsatu gabe
iñor gelditu etzedin;
futbolaz kanpo ezin asmatu
degu zertaz itzegin…
Euskalerriyan bada oraindik
zer ikasi ‘ta zer egin.
Bizimoduan jarraitu zintzo
egizko geure bidetik,
errien ona billatzen saia
euskaldun geran aldetik,
jolas batentzat zertako artu
orrenbeste arretik?
Gauza latzagoak badittugu
ostikoaren aurretik.
Atzo Athleticen garaipena ospatzeko aukera izan bazenuten, ederto, poztasun batzuk ere behar ditugu bizitzan ere.
Galdu bazuen, tira, hurrengoan izango denaren itxaropenaz jarraitzerik dugu. Baina ez ahaztu, gauza latzagoak badittugu ostikoaren aurretik.