2011n elkarrekin hasitako bideari jarraiki, herri ekimenez sortutako euskarazko 48 hedabidek –tartean, HITZAk– agerraldi bateratua egin dute gaur Andoainen, Martin Ugalde kultur parkean, sektorearen diagnosia eta erronka komunak identifikatzen dituen dokumentua sinatu eta jendaurrean aurkezteko. Etorkizunerako gakoak negozio eredua, lan baldintzak, kalitatea, lehiakortasuna, ikerketa eta elkarlana direla esanda, erakundeei hausnarketa mahai bateratuak osatzeko deia egin diete.
“Garaia da erronka horiei sendotasunez heltzeko, eta beste molde eta bide batzuk jorratzeko, irudimena landuz, gogotik arituz eta, batez ere, elkarlanean hedabideen artean, zein erakunde publikoekin eta jendartearekin berarekin ere”, esan dute prentsaurrekoan. Jasone Mendizabal (Topagunea), Joanmari Larrarte (BERRIA Taldea) eta Xabier Letona (Argia) izan dira mahaian.
Izan ere, egoera zaila dela diote. “Ezagun da informazio eta komunikazio teknologien hedapenak nolako krisi sakona ekarri duen mundu osoan komunikazioaren sektorera, eta 2008az geroztik bizi dugun krisi ekonomikoak aurreko hori areagotu besterik ez duela egin. Mundu mailan zein gure artean ere agerikoak dira ondorioak. Gogoratu besterik ez dago azken bi urteotan bidean geratu diren euskarazko komunikazio proiektuak: Ttipi-Ttapa Telebista, Geu Gasteiz, Txaparro, Esan-Erran Irratia, Nabarra…”.
“Funtzio sozial agerikoko hedabideak”
Zentzu hertsian publikoak ez izan arren, funtzio sozial agerikoa dutela gogorarazi dute euskarazko hedabideen ordezkariek, “bai euskararen garapenean dugun zeregin funtsezkoagatik, bai euskal hiztunen komunitatearen baitan komunikazioa lantzeak eta jorratzeak suposatzen duenagatik”.
Azken 25 urteetan euskararen ezagutzaren eremuan “urrats handia” eman izan dela aitortu dute, baina ez erabileran. “Euskaraz ez badugu egiten, beste hiztun komunitate batzuek egingo dute gure ordez, gazteleraz, frantsesez edo ingelesez. Eta gurea bezalako gizarte moderno batean nekez egingo dira urratsak hedabide sare indartsurik ezean”.
“Pisu ekonomikoa” ere bai
Sektorearen “pisu sozial eta kulturalarekin” batera, “ekonomikoa” ere ekarri dute gogora: euskarazko hedabideen lana 450.000 lagunengana iristen da, eta horretarako 600 langile baino gehiago ari dira lanean ehun hedabide baino gehiagotan. Guztira 27 milioi eurotik gorako aurrekontua mugitzen dute urtean, eta zazpi milioi eurotik gorako ekarpena egiten dute diru publikoetara, gizarte segurantza eta zergen bidez.
Ikuspuntu horretatik ere euren jardunaren garrantzia azpimarratu eta kontuan hartzeko eskatu dute euskarazko hedabideek.