Bermeoko Udalak Ur Partzuergoagaz duen zorra zortzi hilabetetan kitatuko du, 0,37euro/m3 ordainduz
Bermeoko Udalak Busturialdeko Ur Partzuergoagaz daukan zorra kitatzeko akordiora iritsi dira erakunde biak, zortzi hilabeteko lanaren ostean; hala, 2010eko abuztutik gaur egunera zor dizkion metro3ak 0,37 eurotan ordainduko dizkio Bermeoko Udalak Partzuergoari, datozen zortzi hilabetetan zehar. Akordioa joan den barikuan egindako osoko bilkuran onartu zuten Bilduren aldeko botoekin, eta EAJkoen kontrakoekin. 2009ko urriaren 8an Bermeoko Udaleko osoko bilkurak Busturialdeko Ur Partzuergoagaz (BUP) hitzarmen bat sinatu zuen, EAkoen eta Ezker Abertzalekoen kontrako botoekin. Hitzarmen horregaz, Bermeoko ur edangarriaren lehen mailako sarea BUPk hornituko zuela hitzartu zuten, udalak 0,52euro/m3 ordainduta. 2009an aipatu hitzarmena sinatu bazuten be, 2010eko abuztuaz geroztik, Bermeoko Udalak ez dirurik ordaindu. Izan be, Bermeoko Udalaren esanetan, «emondako zerbitzuaren kostua eta egindako inbertsioen balioa justifikatu ezean, ez genuela ezer ordainduko erabaki genuen», azaldu du Idurre Bideguren herriko alkateak. Gogoratu behar da, Bildukoak Udalean sartu zirenean, 930.000 euroko fakturak ordaindu barik zeudela. Zortzi hilabeteko negoziaketaren ostean, lau puntu adostea lortu dute Bermeoko Udalak eta BUPk. Batetik, 2010eko abuztutik aurrera Bermeoko Udalak 0,37euro/m3 ordaintzea adostu dute. Bestetik, kontuan hartuta 2010eko urtarriletik uztailera bitarteko fakturak gainkostuagaz ordaindu zituela Bermeoko Udalak, diferentzia (140.000 euro), Bermeon beharrezko inbertsioak egiteko erabiliko dutela adierazi dute. Bestalde, udalak duen zorra 8 hilabetetan likidatu beharko du, eta, azkenik, faktura [...]
Bermeoko Udalak Busturialdeko Ur Partzuergoagaz daukan zorra kitatzeko akordiora iritsi dira erakunde biak, zortzi hilabeteko lanaren ostean; hala, 2010eko abuztutik gaur egunera zor dizkion metro3ak 0,37 eurotan ordainduko dizkio Bermeoko Udalak Partzuergoari, datozen zortzi hilabetetan zehar. Akordioa joan den barikuan egindako osoko bilkuran onartu zuten Bilduren aldeko botoekin, eta EAJkoen kontrakoekin.
2009ko urriaren 8an Bermeoko Udaleko osoko bilkurak Busturialdeko Ur Partzuergoagaz (BUP) hitzarmen bat sinatu zuen, EAkoen eta Ezker Abertzalekoen kontrako botoekin. Hitzarmen horregaz, Bermeoko ur edangarriaren lehen mailako sarea BUPk hornituko zuela hitzartu zuten, udalak 0,52euro/m3 ordainduta.
2009an aipatu hitzarmena sinatu bazuten be, 2010eko abuztuaz geroztik, Bermeoko Udalak ez dirurik ordaindu. Izan be, Bermeoko Udalaren esanetan, «emondako zerbitzuaren kostua eta egindako inbertsioen balioa justifikatu ezean, ez genuela ezer ordainduko erabaki genuen», azaldu du Idurre Bideguren herriko alkateak. Gogoratu behar da, Bildukoak Udalean sartu zirenean, 930.000 euroko fakturak ordaindu barik zeudela.
Zortzi hilabeteko negoziaketaren ostean, lau puntu adostea lortu dute Bermeoko Udalak eta BUPk. Batetik, 2010eko abuztutik aurrera Bermeoko Udalak 0,37euro/m3 ordaintzea adostu dute. Bestetik, kontuan hartuta 2010eko urtarriletik uztailera bitarteko fakturak gainkostuagaz ordaindu zituela Bermeoko Udalak, diferentzia (140.000 euro), Bermeon beharrezko inbertsioak egiteko erabiliko dutela adierazi dute. Bestalde, udalak duen zorra 8 hilabetetan likidatu beharko du, eta, azkenik, faktura guztietan %18ko BEZ-a barik, BEZ murriztua (%8) ezartzea adostu dute.
Uraren eta saneamenduaren zerbitzuak «ondo eta gardentasunez kudeatzeko» asmoz, Bermeoko Udalak partzuergoko kide izateko pausoak emoten hasteko konpromisoa hartu du, nahiz eta oraindik «erabakiak hartzeke dauden». Datozen asteotan Partzuergoko auditoriaren emaitzak eta bideragarritasun plangintza bat ezagutu eta Partzuergoko kideekaz batera elkarlanean hasiko direla azaldu du Bidegurenek.
«Lan ezin okerragoa»
EAJ taldeak, bere aldetik, Bildu Busturialdeko Ur Partzuergoan «lan ezin okerragoa» egiten ari dela uste du; «Horrela jarraituz gero, Partzuergoa porrot ekonomikoan eroriko da», salatu dute EAJkoek.
«Aurreztu egingo dugu, baina Partzuergoan sartu eta 500.000 eurotik gorako zorra ordaindu beharko dugu. Gainera, hilean hilean, BUPk defizita dauka eta horri be aurre egin beharko diogu. Horrez gain, Partzuergoak bere egoerari aurre egiteko, prezioak igon beharko ditu. Azpiegiturak martxan jartzen direnean, horien mantenua izugarria izango da eta BUPk ez du hori ordaintzeko gaitasunik izango. Gainera, likidazioa egitea egokitzen bazaio, Bermeok asko ordaindu beharko du; beraz, orain aurrezten duguna gerora ordaindu egin beharko dugu, eta gainditu be egingo dugu», azaldu zuen Bermeoko EAJ taldeko Aritz Abaroak.
Era berean, azpiegitura handiak, hots, ur biltokiak, uren tratamendurako tokiak eta Bermeoko ur araztegi handia Bilbo-Bizkaia Partzuergoak kudeatu beharko lukeela uste du EAJk. Bigarren mailako sarea, bestalde, –ura eskualdeko etxebizitzetara, merkatal tokietara eta industrietara eroaten duena– Busturialdeko Ur Partzuergoak kudeatu beharko luke, EAJkoen ustetan; «hala, kudeaketa eskualdeko hiritarrengandik hurbilena izatea bermatuko litzateke».
Bestalde, aipatu hitzarmenean Bermeori ezartzen zitzaion salneurria «gehiegizkoa» zela iritzita, Bizkaiko Bilduk uste du «BUPk eta Bermeoko Udalak lortutako hitzarmena ona» izango dela aurrera begira. Bilduren esanetan, «Busturialdeko Ur Partzuergoaren diru kontuak egokitu ahal izateko eta diru sarrerak handitzeko erabili zuten Bermeo».