Ajangizko andrak iaz herriko muralaren aurrean atera zuten argazkia
Ospakizun eguna, ala aldarrikapen eguna? Bihar, Martxoaren 8a, Emakume Langilearen nazioarteko eguna izango da, eta datozen egunetan bertoko andreek bereganatuko dute arreta. Busturialdeko herrietan, hainbat ekintza antolatu dituzte, ospakizuna eta aldarrikapena uztartuz. Izan be, aldarrikapenerako hainbat arrazoi dituzte emakumeek, oraindik. Lan merkatuan, etxean, kalean, eta orohar eguneroko bizimoduan, parekidetasuna hurrun dute.
Eskualdeko hiru herritan, esaterako, elkarretaratzeak antolatu dituzte lekuan lekuko emakumeek, gaur egun bizi duten egoera salatzeko. Hain zuzen, Bermeon, Ean eta Gernika-Lumon egingo dituzte elkarretaratzeak, bihar iluntzean. Busturiko andreek, bestalde, Gernika-Lumora joango direla jakinarazi dute.
Emakumeentzat egun handia danez, ospakizun giro be ez da faltako bertoko herrietan. Izan be, hainbat ekintza eta jarduera prestatu dituzte herritarrek emakumeei errekonozimendua egiteko.
BUSTURIALDEKO EGITARAUAK
Ajangiz
–
Bihar: 18:15ean, ohiturari jarraituz, emakumeen omenez plazan dagoen horma-irudiaren aurrean argazkia aterako dute herriko andreek. Ostean, mendienda egingo dute, kantu kantari, herriko tabernan.
Bermeo
–
Bihar: 12:00etan, Santa Eufemia elizan, meza Erroxape koruak abestuta. Erroxape Emakumeen Elkarteak antolatuta; Elkarretaratzea, 20:00etan, Taraskan, Sareginek Bermeoko Emakume Feministen Elkarteak deituta.
-Etzi: Hitzaldia Nerea Goikoetxea Bilbao Biologian doktoreagaz, 19:00etan. Ondoren, XVII. Narrazio Laburren Lehiaketaren sari banaketa, udaletxeko areto nagusian. Erroxape Emakumeen Elkarteak antolatuta.
-Zapatuan: Mahai ingurua: Emakumea eta prekarietatea.
11:00etan, Erreten Lameran. Sareginek Bermeoko Emakume Feministen Elkarteak antolatuta.
-Domekan: Bazkaria, 15:00etan, Kasinoan. Erroxape Emakumeen Elkarteak antolatuta.
Busturia
-Bihar: 19:30ean Gernika-Lumon izango den elkarretaratzera joateko deia egin du udalak.
Ea
-Bihar: 19:00etan, elkarretaratzea, plazan.
-Etzi: Emakumeentzako afari tertulia, 20:30ean, Natxituko bolatokian.
-Zapatuan: Mahai ingurua, 19:00etan, HEAren lokalean, Kattalin Miner, Iratxe Retolaza eta Lore Etxeberriagaz.
Ereño
-Bihar: 17:30ean, Ereñoko Txokoan, merienda eta briska txapelketa.
Forua
-Zapatuan: Irteera antolatu du Foruko Kultur Etxeak. 11:30ean kultur etxean batuko dira Elorriorantz joateko. Herria bisitatuok dute, bazkaria jango dute, eta antzerki bat ikusiko dute. 20:00etan egingo dute buelta.
Gautegiz Arteaga
-Zapatuan: Herriko andreen bazkaria, Gazteluan.
Gernika-Lumo
-Bihar: Euskal Herriaren aldaketa ezinbestean feminista lemapean, elkarretaratzea Merkurio iturriaren inguruan, 19:30ean. Gernika-Lumoko Bilgune Feministak deituta.
-Etzi: Negra! antzezlana Lizeo Antzokian, 20:30ean.
-Martxoaren 23an eta 24an: Autodefentsa ikastaroa. Gazte Informazio Bulegoan eman daiteke izena, 94-627 02 15 telefonora deituta edo gazteger@sarenet.es helbide elektronikora idatzita.
-Martxoaren 30era arte: Gernikar Emakumeak XX. mendean: Ahotsak eta Bizipenak argazki erakusketa, Kultur Etxean.
Ibarrangelu
-Bihar: Txokolate jana Gabiri tabernan, 18:00etan.
Kortezubi
-Zapatuan: Afaria Lezika jatetxean, 21:30ean.
Mendata
-Zapatuan: Emakumeen bazkaria, 14,30ean Elexalde auzoko Artape tabernan. Idatze Etxean emon behar da izena 10:00etatik 14:00etara (telefonoa: 94 625 72 04) edo Artape tabernan bertan. Gaur da izena emoteko azken eguna.
Murueta
-Domekan: Bazkaria, 15:00etan, Mamiñoko jatetxean.
Muxika
-Etzi: Glu-Glu taldearen Kanpaiak jo bitartean antzezlana, 20:00etan, Zubietaerrotan. Doan.
-Domekan: Bazkaria Astelarrako Orue sagardotegian, 14:00etan. Gaur da izena emoteko azken eguna (Zubietaerrota liburutegian arratsaldez, eta Udaletxean goizez). Menu berezia, postrea eta kafea. Ondoren, dantzaldia.