2 Kilometroari ekingo dio Astra Koordinadorak, hurrengo zapatutik aurrera. Hain zuzen, Elai-Alai aretoko gela txikian egingo dute bigarren kilometroaren lehenengo batzarra, martxoaren 10ean, 17:00etan. Abian ipiniko duten prozesu barrian 0 eta 1 kilometroetan adostutako kudeaketa eta finantziazio ereduan sakondu gura du Astra Koordinadorak, baita zehaztu be; «datozen hilabeteotan Astraren egunerokotasuna markatuko duten hainbat detaile ditugu oraindik esku-artean erabakitzeko», prentsa oharrean aipatu dutenez. Zapatuan, beraz, Astra proiektuaren bisualizazioaz eta egingo diren jarduei buruz hitz egingo eta eztabaidatuko dute. Martxoaren 31n egingo dute 2 Kilometroaren bigarren bilera, 17:00etan, gaztetxean.
Zabalik da Tuga Arratzu Urdaibai mendi lasterketan izena emoteko epea. Apirilaren 28an jokatuko da lasterketa, eta gehienez 450 korrikalarik parte hatu ahal izango dute. Izena emoteko epea apirilaren 6an amaituko dela jakinarazi dute antolatzaileek. Lasterkariek www.arratzu-urdaibai.com webgunean emon beharko dute izena. Izena emoteko kuota 24 eurokoa izango da federatuta daudenentzat, eta 30 eurokoa federatuta ez daudenentzat. Apirilaren 28an 09:30ean emongo diote hasiera lasterketari, Arratzuko udaletxearen aurrean. 30 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek, 4.000 metroko gainbehera izango duena. iluntzar izango daa igoko duten mendirik altuena (727 metro), eta gutxieneko altuera Arratzuko Belendiz auzoan hartuko dute (20 metro). Guztira 9 anoa-postu ipiniko dituzte 30 kilometroko ibilbide horretan, helmugakoaz gain.