Zesta puntan jokatzeko aukera izan zuten
Taldeka, taldeko partaideen berezitasunak kontuan hartuta… bisitak «kartara». Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak elbarriren bat edota urritasun intelektual zein fisikoa dutenentzako bisita gidatuak prestatu ditu, eta atzo egin zuten horietako lehena. Lantegi Batuetako talde batek egin zuen, hain zuzen, Gernika-Lumotik bisita, Turismo Bulegoko gidariek lagunduta.
Foru plaza, Jai-Alai frontoia, Picassoren murala eta Batzar Etxea bisitatu zituzten atzo goizean. Bi orduko ibilbidean, Gernika-Lumoko historia, frontoiaren eta zestaren historia, Gernika-Lumoko bonbardaketari buruzkoak edota Jose Antonio Agirre lehendakariak kargua hartzean esan zituen berbak ezagutzeko aukera izan zuten.
Entzun, eta egin
Bisita praktikoa be izan zen Lantegi Batuetako lagun talde horrek egin zuena. Hala, zestan aritzeko aukera izan zuten, baita lehendakariaren berbak bere egiteko parada be.Bisita amaitzean, lehendakari ohiaren berbak dituen pergaminoa eroan zuten denek etxera.
Gernika-Lumo, lehena
Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa mailan mota horretako bisita gidatuak eskaintzen dituen lehen udalerria da Gernika-Lumo.
Eskaintza, gainera, hiru hizkuntzatan da: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Horregatik, edozein lekutik heldutako taldeak hartzeko prest daudela esan zuten.