75 urtez, martxoaren 5a gogoan
Areetan zen Juan Azkarate 1937ko martxoaren 5 hartan. Han zuen koartela Eusko Jaurlaritzak, eta instrukzio-saioak egin behar zituzten bertan. Urtero-urtero data horietan Matxitxakora doanean imajina bera datorkio burura: “Goizean ikusi genuen lehenengo gauza Gipuzkoa boua izan zen, sutan, portura sartzen. Hiru lagun hil zirela esan ziguten, atzeko kanoian zihoazenak. Horietako bat bermeotarra zen”. Momentu hartan, duela 75 urte, gerrara noiz bidaliko zituzten zain ziren Areetako koartelean, “eta hori gogoan izaten dut urtero. Gogoan izan behar dela uste dut, garrantzitsua da gertatutakoa gogoratzea”. 1922. urtean jaio zen Juan Azkarate, Bermeon. Ludiko Atsegina ontzian hasi zen lanean, gaztetan. Txo lanak egiten zituen, “itsasora irtetzeari utzi genion artean». 1936. urtean ontziak portuan luzerako atrakatu zituztela gogoan du, «gerrara zihoala esan zigun patroiak”. Halan edo holan, bizimodua atera behar zuela dio Azkaratek, eta frontera joateko prest agertu zuen bere burua. “Gaztea nintzen, 14 urte nituen, baina hurrengo egunean Bilboko Carlton hotelean aurkezteko deitu zidaten; Espainiako ministerioa zegoen han”. Euskadiko Gudontzidiko buru zen Joakin Egiaren gutunagaz aurkeztu zen. Jaurlaritzarekin Frantziara Araba bouan sartu zuten, eta istriborrean zuen metrailadorearen balen zintaren ardura zuen Azkaratek; “15-20 bermeotar geunden Araba ontzian”. Bitartean, Areetan, instrukzio-lanak egiten zituzten. Gau batean motxila prestatzeko eta lorik ez egiteko agindu zieten. Faxistak Artxandan zirelaren zurrumurrua [...]
Areetan zen Juan Azkarate 1937ko martxoaren 5 hartan. Han zuen koartela Eusko Jaurlaritzak, eta instrukzio-saioak egin behar zituzten bertan. Urtero-urtero data horietan Matxitxakora doanean imajina bera datorkio burura: “Goizean ikusi genuen lehenengo gauza Gipuzkoa boua izan zen, sutan, portura sartzen. Hiru lagun hil zirela esan ziguten, atzeko kanoian zihoazenak. Horietako bat bermeotarra zen”.
Momentu hartan, duela 75 urte, gerrara noiz bidaliko zituzten zain ziren Areetako koartelean, “eta hori gogoan izaten dut urtero. Gogoan izan behar dela uste dut, garrantzitsua da gertatutakoa gogoratzea”.
1922. urtean jaio zen Juan Azkarate, Bermeon. Ludiko Atsegina ontzian hasi zen lanean, gaztetan. Txo lanak egiten zituen, “itsasora irtetzeari utzi genion artean». 1936. urtean ontziak portuan luzerako atrakatu zituztela gogoan du, «gerrara zihoala esan zigun patroiak”. Halan edo holan, bizimodua atera behar zuela dio Azkaratek, eta frontera joateko prest agertu zuen bere burua. “Gaztea nintzen, 14 urte nituen, baina hurrengo egunean Bilboko Carlton hotelean aurkezteko deitu zidaten; Espainiako ministerioa zegoen han”. Euskadiko Gudontzidiko buru zen Joakin Egiaren gutunagaz aurkeztu zen.
Jaurlaritzarekin Frantziara
Araba bouan sartu zuten, eta istriborrean zuen metrailadorearen balen zintaren ardura zuen Azkaratek; “15-20 bermeotar geunden Araba ontzian”.
Bitartean, Areetan, instrukzio-lanak egiten zituzten. Gau batean motxila prestatzeko eta lorik ez egiteko agindu zieten. Faxistak Artxandan zirelaren zurrumurrua zabaldu zen. “Goizaldean etorri ziren gure bila, 03:00etan, eta bi autobusetan sartu gintuzten”. Santurtzin porturatuta zeuden Jose Luis Diez eta Ciscar itsasontziak hartzeko saiakeran laguntzera zihoazen, baina hara heltzean bi ontzi errepublikarrak hartuta zeuden dagoeneko. “Hango tripulazioak errepublikarrei sabotaiak egiten zietela esaten zuten”.
Frantziatik Espainiara
Bitartean, gerrako ontziak zituzten zain, Bordele inguruan. “Gu erasotzeari ekin zioten, eta guk kea botatzen genuen, haiek nahasi nahian”. Alde egitea lortu zuten eta Santanderra joan ziren. Han, Gobernu errepublikarraren komisario politikoak aginduta, Santoñara joan ziren Eusko Jaurlaritzaren bitartez ontziratu ziren guztiak. “Ordenantza sartu ninduten, itsas ministerioan. Baina ez nintzen konforme, eta Sardinero eta Santander artean zegoen Eusko Jaurlaritzaren koartelera joan nintzen, Agirre lehendakariagaz hitz egiteko. Gerrara joateko beldur nintzen, 15 urte nituen, eta harrapatuz gero kartzelara sartuko ninduten, edo hil”.
Baja emon zioten, eta Xixonera bidali. Han, Mieres izeneko merkantzia-ontzian sartu zuten Azkarate. Hala, Frantziara heldu zen, beste 3.000 lagunekin batera. “Bordelen txertoa jarri ziguten eta Bartzelonara bidali”, gogoan du Azkaratek.
Kontzentrazio-esparruetan
Gerrara joan gura ez, eta bizimodua nola atera kezka zuen bermeotarrak. “Ikasketaren bat hastea pentsatu nuen”, eta nautika eskolara bidali zuten, lehendakariaren bitartez. “Baina bere garaian eskola be ez nuen amaitu, eta ezin izan nuen ikasi”. Bartzelonako koartel batera jo zuen; hara sartu eta hurrengo egunean gerrara bidaliko zituztela esan zieten. “Sukaldeko horma salto egin, eta alde egin nuen”. Baina alde egin eta hurrengo egunean trena hartu zuen, Gironara bidean. Han, frontera joateko aurkeztu zuen bere burua. “La Garrigara bidali gintuzten. Amerikako Estatu Batuek bidalitako 60 kamioi chevrolet zeuden han, eta gidari-laguntzaile lanak egin nituen horietako batean. Frontera joaten ginen, bonbak eta armak eroatera”.
Egiteko horrek, baina, bazuen bere arriskua. Hegazkinek bonbardatu egiten zituzten kamioiak. “Halako batean, Perpignanera helduta, soldadu senegaldarrekin egin genuen topo, eta haiek zein gendarmeek babestuta egin genuen aurrera”. Hiru egun egin zituzten oinez, Argelesko hondartzara heldu ziren arte. Bost hilabete egin zituen kontzentrazio-esparruan.
Madril oraindik hartu gabe zegoela, Argeleseko kontzentrazio-esparruan zirenak handik ateratzeko zerrendak egin zituzten. Txanda heldu zitzaionean Irunera eroan zuten, hango kontzentrazio-esparrura. Hiru hilabete emon zituen Irunen, “eta handik Larrinagara eroan ninduten, hamabost egunerako”.
Libre utzi zuten Azkarate, eta Bermeora bueltatu zen. 1939. urtea zen, eta gerra amaituta zegoen. “Nire herrian nintzela gasolinaz busti eta niri su emoteko gogoa zutela esan zidaten guardia zibilek”. Zapatuoro aurkeztu behar zuen bere burua, “ni amorratzeko eta kontrolatzeko zen”.