Gazteentzako jarduerak politizatu nahia egotzi dio EAJk Bilduri
Bilduk «gazteei zuzendutako jarduerak antolatzeko eskualdeko udalen artean zegoen lankidetza apurtu» izana kritikatu du Busturialdeko EAJk, koalizioak «udal kudeaketa politizatu» gura duela iritzita. Jeltzaleen ustez, «Bilduren udaletan gazteentzako eskualde mailako jarduerak ez finantzatzeko hartu den erabakiak argi erakusten du udal gestioa politizatu nahi» hori. «Bilduk biztanleriaren zati bat politikoki manipulatu gura du, adostasuna apurtu, eta gazte asanbladak izenekoak ezarri, gazteentzako ekimenak politizatzeko eta manipulatzeko helburuagaz».
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren irizpideei jarraiki, «Urremendi elkartearen bidez eskualdeko gazteentzako politika bateratua egiteko zeuden lankidetza akordioak apurtzeko erabakia udalerri bakoitzaren berezitasunak kontuan hartu barik» hartu duela be uste du EAJk. «Erabaki honek suposatzen du urte askotako lankidetza apurtuta geratu dela, batez be Busturialdeko udalerri txikiei dagokionez». Jeltzaleen ustez, eurek bultzatutako lankidetzari esker, «antzeko egoeretan zeuden hamazortzi bat udalerri elkartu egiten ziren gazteei zerbitzu bateratua emoteko, jardueretan politizazioa bazter utziz».
Gazteei deia
EAJren ustez, gazteek beren kezka eta beharrizan propioak dituzte eta «azken 30 urteotan gizarteak bultzatutako jarduerak eragotzi dituztenek mesede eskasa» egiten dute, «helburu alderdikoiekin eta manipulazio politikoagaz, gazte jendearen artean babesa eta botoak lortzeko estrategiagaz etortzean».
Kontrara, «EAJren egitasmoak politika bateratzailea» dakarrela diote jeltzaleek, «manipulazio orotik alde eginez eta jarduera guztien erdigunea gazte jendea» eginez», eta beren kezkak eta beharrizanak kontuan hartuz. Busturialdeko erakundeen arteko lankidetza administratiboa «eskualdeko gazte guztien onerako» dela deritzo EAJk. Hari horretatik, gazteei eurei «Bilduk eskualdean bultzatu nahi duen manipulazio alderdikoian eror ez daitezen» eskatu die EAJk.