«Boluntario legez herritar horiek Matxitxakoko batailan egin zutena gauza handia da»
Historialaria da Juan Pardo (Iruña, 1956). Matxitxakoko gudan gertatutakoa ondo ezagutzen du, eta hitzaldia emongo du bihar, 20:00etan, Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan. Zein da zu Gernika-Lumora etortzearen arrazoia? 1936ko urrian Euskal Gudontzidia sortu zeneko 75 urte beteko dira, eta horri buruz ariko naiz. Zertarako sortu zuten? Kantauri itsasoan errepublikarren armada laguntzeko, eta merkantziak garraiatzen zituzten itsasontziak eta arrantza-ontziak babestea zen horien egitekoa. Era berean, itsas-hondoetan zeuden minak garbitzeko betebeharra be bazuen Euskal Gudontzidiak, itsasontziek porturatzeko arazorik izan ez zezaten. Nola sortu zuten, baina? Arrantza-ontziekin, helburu militarrerako egokituz. Artilleria sartu zuten batzuetan, eskolta lanak egiteko, eta horiek ziren gerora Bou izenagaz ezagutu izan direnak. Beste batzuetan, barriz, arrasteluak ipini zituzten: itsas-hondoetan zeuden minak dragatzeko tramankuluak. Ontzi gehienak Pasaiakoak ziren. Izan be, Euskal Gudontzidia sortu baino hilabete lehenago hartu zuten faxistek Gipuzkoa. Hori dela eta, Bilboko portura jo zuten. Egitekorik ez zutenez, Euskal Gudontzidirako egokitu zituzten. Halanda be, ontzietan zihoazenak arrantzaleak ziren, ez militarrak. Soldadutzarako adina zuten guztiek zerbitzua betetzen ari ziren, eta Bou horietan zihoazenak boluntarioak ziren. Prestutasun osoa zuten boluntario horiek, baina ez zeuden gerra egiteko prestatuak. Hoien beharra al zuten errepublikarrek? Errepublikarren marinak, egia esateko, bitarteko gutxi zituen. Gainera, ofizial asko etsaiaren aldekoak ziren. Gerora egindako ikerketetan ikusi da errepublikarren [...]
Historialaria da Juan Pardo (Iruña, 1956). Matxitxakoko gudan gertatutakoa ondo ezagutzen du, eta hitzaldia emongo du bihar, 20:00etan, Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan.
Zein da zu Gernika-Lumora etortzearen arrazoia?
1936ko urrian Euskal Gudontzidia sortu zeneko 75 urte beteko dira, eta horri buruz ariko naiz.
Zertarako sortu zuten?
Kantauri itsasoan errepublikarren armada laguntzeko, eta merkantziak garraiatzen zituzten itsasontziak eta arrantza-ontziak babestea zen horien egitekoa. Era berean, itsas-hondoetan zeuden minak garbitzeko betebeharra be bazuen Euskal Gudontzidiak, itsasontziek porturatzeko arazorik izan ez zezaten.
Nola sortu zuten, baina?
Arrantza-ontziekin, helburu militarrerako egokituz. Artilleria sartu zuten batzuetan, eskolta lanak egiteko, eta horiek ziren gerora Bou izenagaz ezagutu izan direnak. Beste batzuetan, barriz, arrasteluak ipini zituzten: itsas-hondoetan zeuden minak dragatzeko tramankuluak. Ontzi gehienak Pasaiakoak ziren. Izan be, Euskal Gudontzidia sortu baino hilabete lehenago hartu zuten faxistek Gipuzkoa. Hori dela eta, Bilboko portura jo zuten. Egitekorik ez zutenez, Euskal Gudontzidirako egokitu zituzten. Halanda be, ontzietan zihoazenak arrantzaleak ziren, ez militarrak. Soldadutzarako adina zuten guztiek zerbitzua betetzen ari ziren, eta Bou horietan zihoazenak boluntarioak ziren. Prestutasun osoa zuten boluntario horiek, baina ez zeuden gerra egiteko prestatuak.
Hoien beharra al zuten errepublikarrek?
Errepublikarren marinak, egia esateko, bitarteko gutxi zituen. Gainera, ofizial asko etsaiaren aldekoak ziren. Gerora egindako ikerketetan ikusi da errepublikarren bandoan zeuden faxistek errepublikarren eraginkortasuna trabatzea zutela helburu: sabotaiak prestatuz, eztabaida antzuak sortuz… Eraginkortasun eskasagatik, Euskal Gudontzidiaren beharra izan zuten.
Zein zen Euskal Gudontzidiaren egitekoa Bizkaiko uretan?
Matxitxakon, hain zuzen, etsaien gerra ontziei aurre egin behar izan zien Euskal Gudontzidiak; batez be, eskolta lanak egiten ari zela. Gehienetan arazorik barik bete zuten lan hori, baina 1937ko martxoaren 5ean ez zen hala gertatu. Egun hartan Baionatik atera zen Galdames merkantzia-ontzi eskoltatzeko batu zituzten lau Bou: Gipuzkoa, Bizkaya, Nabarra eta Donostia. Laurak be, aurre egin behar izan zioten Canarias ontzia baino askoz txikiagoak ziren. Galdames ontziaren itsasoratzearen barri izan zuten faxistek, eta Canarias ontzia bidali zuten haren bila. Horrekin egin zuen topo Euskal Gudontzidiak, Bou Nabarra hondoratzeraino. Hura baitzen Galdamesen ondoan zihoana.
Lau ontzi bakarrari aurre egiteko. Zergatik galdu zuten bataila?
Euskal Gudontzidiaren ontziak 1.200 tonakoak ziren. Haien kanoiek 6 kilometroko irismena zuten, eta ontzi horien tripulazioa 50 lagunekoa zen. Canarias fragata, barriz, 10.000 tonakoa zen. Haren kanoiek 30 kilometroko irismena zuten, eta tripulazioa 1.000 gizonek osatzen zuten. Gainera, Bouak baino hiru aldiz azkarragoa zen. Beraz, hari aurre egitea oso zaila zen. Bouen estrategia Canarias fragata eurengana erakartzea zen, Galdames porturatzeko asmoz. Bou Nabarra izan zen erresistentziarik handiena erakutsi zuena. Hainbat gudari hil egin ziren, eta komandantea itsasontziagaz batera hondoratu zen. Borrokan hil nahi zuen, ez zuen nahi etsaiek preso har zezaten, bizirik atera zirenek gerora kontatu zutenez.
Eta zer gertatu zen tripulazioagaz?
Preso hartu zituzten. Baina itsasoan erakutsitako erresistentziaren ondorioz mito bilakatu ziren. Gainera, Canarias fragataren komandantearen miresmena be irabazi zuten, eta horrek preso hartu zituztenen alde egin zuen gerora.
Zer gertatu zen?
Baliabideak eskasak izanda be, Euskal Gudontzidiak Matxitxakon erakutsitako erresistentzia handia izan zen. Canarias fragatak gerrak iraun zuen denbora osoan izan zuen hildako bakarra Matxitxakon hil zuten. Bataila amaituta, bizirik atera zirenak preso hartu zituzten. Galdames ontzian zetozen hiru-lau tripulante, gainera, fusilatu egin zituzten: Irungo udaleko bi zinegotzi eta Manuel Carrasco Formiguera. Azken hori Generalitateko ordezkaria zen Euskal Gobernuan. Beste guztiei 20-30 urteko zigorra ezarri zieten. Bou Nabarraren kasua, barriz, berezia izan zen. Batailan erakutsitako adoreak miretsita utzi zituen bai Canariaseko komandantea eta baita hainbat ofizial be. Hori dela eta, Francogaz hitz egitera joan ziren eta heriotza zigorrera kondenatuta zeuden arren, indultua emon zieten. Batez be, Canariaseko ofiziala zen Calderonen insistentziagatik lortu zuten indultua. Debakoa zen, eta gerora be hainbat medede egin zien askori, lagun izateraino.
Zer gertatu zen Euskal gudontzidiarekin?
Faxistek Bilbo hartu zutenean ontziek Santanderrera jo zuten. Etsaiak Santanderrera sartu zirenean, barriz, Frantziara alde egin zuten. 1937ko urrian errepublikarrek Asturias galdu zutenean, Kantauri itsasoan geratzen ziren ontziek be Frantziarako bidea hartu zuten. Tripulazioko hainbatek errepublikarren bandoagaz bat egin eta borrokatzera joan ziren. Beste batzuk, ordea, Frantzian geratu ziren, ontzien mantenuaz arduratuz.
Zergatik da garrantzitsua Matxitxakon gertatu zena ez ahanztea?
Lehenik eta behin, errekonozimendua ukatu dieten gudari horien lana aitortzea garrantzitsua da. Eta gertatutakoa bera be garrantzitsua da gurea bezalako herri txiki batentzat. Itsasora begira dagoen herria da gurea, eta gertaera horiek ezagutzea gure kulturaren parte dira, gure historiaren parte, eta itsasoak herriarentzat duen garrantziaren adierazle be bada. Gainera, boluntario moduan herritar horiek egin zutena handia da. Beraien bizia arriskatu zuten askatasunaren eta herriaren defentsan.