Historialaria da Juan Pardo (Iruña, 1956). Matxitxakoko gudan gertatutakoa ondo ezagutzen du, eta hitzaldia emongo du bihar, 20:00etan, Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan. Zein da zu Gernika-Lumora etortzearen arrazoia? 1936ko urrian Euskal Gudontzidia sortu zeneko 75 urte beteko dira, eta horri buruz ariko naiz. Zertarako sortu zuten? Kantauri itsasoan errepublikarren armada laguntzeko, eta merkantziak garraiatzen zituzten itsasontziak eta arrantza-ontziak babestea zen horien egitekoa. Era berean, itsas-hondoetan zeuden minak garbitzeko betebeharra be bazuen Euskal Gudontzidiak, itsasontziek porturatzeko arazorik izan ez zezaten. Nola sortu zuten, baina? Arrantza-ontziekin, helburu militarrerako egokituz. Artilleria sartu zuten batzuetan, eskolta lanak egiteko, eta horiek ziren gerora Bou izenagaz ezagutu izan direnak. Beste batzuetan, barriz, arrasteluak ipini zituzten: itsas-hondoetan zeuden minak dragatzeko tramankuluak. Ontzi gehienak Pasaiakoak ziren. Izan be, Euskal Gudontzidia sortu baino hilabete lehenago hartu zuten faxistek Gipuzkoa. Hori dela eta, Bilboko portura jo zuten. Egitekorik ez zutenez, Euskal Gudontzidirako egokitu zituzten. Halanda be, ontzietan zihoazenak arrantzaleak ziren, ez militarrak. Soldadutzarako adina zuten guztiek zerbitzua betetzen ari ziren, eta Bou horietan zihoazenak boluntarioak ziren. Prestutasun osoa zuten boluntario horiek, baina ez zeuden gerra egiteko prestatuak. Hoien beharra al zuten errepublikarrek? Errepublikarren marinak, egia esateko, bitarteko gutxi zituen. Gainera, ofizial asko etsaiaren aldekoak ziren. Gerora egindako ikerketetan ikusi da errepublikarren [...]