Mundakako Udalak eta Surf Taldeak antolatutako Mundakako I.Surf on line txapelketak baditu saridunak; hain zuzen be, Aritz Aranburu, Iker Fuentes eta Txaber Trojaola surflariek jaso dituzte lehen, bigarren eta hirugarren sariak, hurrenez hurren. Surflariak ez ezik, horiek grabatzen aritu diren kameralariak be saritu dituzte.
Gaur eguerdian banatu dituzten Mundakako I.Surf on line txapelketako sariak, Talan. Sari banaketa aurkezteko, Joseba Iriondo kazetaria izan da bertan. Iriondogaz batera, gainera, Ana Izagirre Basquetourreko zuzendaria, Mundakako alkate Unai Rementeria, Billabongeko Craig Sage, BiscayTIK proiektuko Ibon Oñate eta Mundakako Surf Taldeko ordezkariak izan dira taula gainean, lehiaketako irabazleak saritzeko asmoz.
Mundakako ezker olatua nazioarte mailan zabaltzea helburu duen txapelketan Euskadiko punta-puntako surflariek parte hartu dute; besteak beste, Aritz Aranburuk, Dani Alonso-Alegrek, Euken Masak, Iker Acerok, Kepa Acerok, Iker Fuentesek, Indar Unanuek eta Txaber Trojaolak.
- Lehenengo saria: Aritz Aranburu surflaria eta Isio Noya kameralaria izan dira irabazleak. Surflaria 6.000 eurogaz eta kameralaria 1.500 eurogaz saritu dituzte.
- Bigarren saria: Iker Fuentes eta Isio Noyak eskuratu dute lehiaketako bigarren saria; Fuentesek 2.750 euro eta Noyak 750 euro jaso zituzten, sari legez.
- Hirugarren saria: Txaber Trojaola surflariak eta Jon Aspuru kameralariak jaso dute hirugarren saria: 1350 euro surflariarentzako eta 400 kameralariarentzako.
- Publikoaren saria: Lehiaketako hirugarren sariaz gain, Txaber Trojaola surflariak eta Jon Aspuru kameralariakpublikoaren saria be jaso zuten; Trojaolak tablet -a eta Aspuruk bideo-kamera digitala.