Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak eta Peru Sainz-Vizcaya Sukarrietako alkateak jakinarazi dutenez, Laga eta Laida hondartzetara joateko pasealekuetako lanak “hilabete barru inguru” amaituko dituzte. Azaldu dutenez, Lagara bidean zein Laidara bidean beharginak barandak jartzen dabiltza dagoeneko. Hala, alkate biak “pozarren” daude pasealekuak laster jarriko dituztelako erabilgarri.
Ziluagak eta Sainz-Vizcayak diotenez, pasealekuen bitartez “oinezkoen segurtasuna bermatu” gura dute. Izan be, oinezkoak “errepide ondotik” ibitzen ziren orain arte, ibilgailuak eta ibiltariak banatzeko hesirik barik.
Ziluagaren ustez, “ibilgailuen abiadura moteltzeko be oso aproposak izango dira pasealekuak”. Errepidea apur bat estuagoa izango denez, gidariek motelago ibili beharko dutela deritzo.
Sainz-Vizcayak, bestalde, herrian “pasealeku edarra” izango dutela nabarmendu du. Dioenez, “herritarrek eta kanpotarrek azpiegitura apartaz gozatzeko aukera izango dute”.
800.000 euro, guztira
Ibarrangelun, herrigunetik Lagaraino egin dute pasealekua; Sukarrietan, bestalde, Kanalatik Laidaraino egin dute. Bakoitzak 400.000 euro inguruko aurrekontua izan du obra egiteko.