«Arrietako Udalak hitzarmena betearaziz gero, ezingo litzateke biomasa zentrala eraiki»
Errigoiti Arrieta Garbi plataformako kideek Errigoitiko Udalagaz sinatu zuen hitzarmena betetzeko eskatu zioten Arrietako Udalari, abenduaren amaieran. Eskaera urteko azkenengo udalbatzan egin zuten, “hitzarmenak ez duelako biomasa zentralik onartzen Olabarri auzoko Malluki industrigunean”.
Joaquin Iragorri plataformako kideak salatu duenez, “hitzarmenak manufakturako enpresak onartzen ditu bakarrik, baina Iñaki Madariaga Errigoitiko alkatea hitzartutakoaren gainetik pasa da, herritarren ongizatea ahaztuta”. Hala, Arrietako Udalak hitzarmena bete ez dela egiaztatuz gero, ezingo litzateke zentrala eraiki.
Iragorrik jakinarazi duenez, “hitzarmenaren barri eta Errigoitiko Udalak egindako lege-hausteen” barri emon zioten Angel Maria Acillona Arrietako alkateari. Plataformako kidearen berbetan, “Arrietako alkatea ez zegoen agintean hitzarmena sinatu zenean, baina berari egokitu zaio oinordekotzan hartu duen arazoa konpontzea”. Hala, “Arrietako biztanleen interesen alde” lan egiteko eskatu zioten plataformakoek.