Ingurumen baimen bateratua emon dio Jaurlaritzak Olabarriko zentralari
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak ingurumen baimen bateratua emon zion abenduaren amaieran Bioforest Bost enpresak Errigoitiko Olabarri auzoan eraiki gura duen biomasa zentralari. Horren aurrean, “erakunde publikoen jarrera lotsagarri”” dela esan du Joaquin Iragorri Errigoiti Arrieta Garbi plataformako kideak. Halanda be, espero zuten neurria izan dela dio. Izan be, “administrazioak enpresek esaten dutena onartzen” duela deritzo Iragorrik.
Zentralaren proiektuak “lege hauste asko” izan arren, administrazioak epaile batek erabakitzea nahiago duela uste du plataformako kideak. «Helegiteak jar ditzakegu, baina erakundeetako teknikariek proiektua zuzenduko dute, eta, ostean, baimena emotea da normalena».
Espero zuten neurria izan arren, “min” emon die jakinarazpenak Errigoiti Arrieta Garbikoei. Plataformakoek diote bi urte daramatzatela zentrala legez kanpokoa dela egiaztatzen, baina proiektuak bidea egiten jarraitzen duela. Hala, “lanean” jarraitu behar dutela deritzo Iragorrik, epaileak arrazoia emongo diela iritzita. Errigoiti Arrieta Garbiko kidearen ustez, hasieratik utzi behar zuten proiektua bertan behera, baina “interes ezkutuak” daude tartean.
Bada, bide administratiboa amaituta, epaileak erabaki beharko du zentrala eraikitzea legezkoa den edo ez. “Lehenengo egunetik argi geneukan epailearengana jo beharko genuela, baina pena apur bat emoten digu Jaurlaritzaren erabakiak”, azaldu du Iragorrik.
Plataformakoen hurrengo pausoa, hortaz, Jaurlaritzaren erabakiari helegitea jartzea izango da. Dagoeneko urbanizazio proiektuari eta Bioforest Bost enpresagaz sinatutako hitzarmenari jarritako helegiteak tramitera onartu ditu epaileak, eta ingurumen baimenagaz gauza bera gertatuko delakoan daude.
Iragorriren berbetan, “udalak handikeriaz jokatu du, eta epaileak kontuan izango du”. Iazko abenduan, esaterako, Iñaki Madariaga Errigoitiko alkateak eta plataformako kideek epaitegian ikusi zuten elkar. 2010eko Bilbao Bilbao martxa zikloturista Olabarritik pasatu zenean Errigoiti Arrieta Garbi plataformako kide bat autoagaz kolpatu izana egozten dio fiskaltzak alkateari, eta Iragorriren ustez, epaiketan argi geratu zen alkatea gezurretan dabilela. Halanda be, epailearen ebazpenari itxaron behar diote.
Ezin dira eraikitzen hasi
Jaurlaritzak ingurumen baimen bateratua onartu arren, Errigoitiko Udalak ez du baimenik zentrala eraikitzen hasteko. Izan be, “industriagunea hasieran aurreikusitakoa baino handiagoa denez, herriko arau subsidiarioak aldatu behar ditu udalak”.
Orain arte ikusitakoaren arabera, herriko arau subsidiarioak aldatzea denbora kontua baino ez da izango, Iragorriren ustez. “Arauak onartuko dituzte, baina epaitegira joko dugu barriro” dio.
Hortaz, epaileak izango du azken berba Olabarri auzoko zentrala eraikitzeko. “Bi urte daramatzagu borrokan, eta oraindik ez dute ezer eraiki”, dio itxaropentsu Iragorrik.