Inama ixtearen aurka azaldu dira Batzar Nagusiak
Muxikako Inama enpresa ixtearen aurka azaldu ziren atzo Bizkaiko Batzar Nagusiak. Hain zuzen, Ekonomia eta Ogasun Batzordean eztabaidatu zuten Muxikako lantegiaren eta bere langileen egoera. Euzko Abertzaleak eta Euskal sozialistak taldek aurkeztutako arauz besteko proposamena onartu zuten azkenean, Bilduk aurkeztutakoa albo batera utziz.
Hala, lantegiak bere jardunagaz jarrai dezan enpresa Busturialdean bertan gera dadin eskatuko diote Batzar Nagusiek FINSA-Inama enpresa taldeari. Inama zarratuz gero, lanpostu asko galduko liratekeela salatu zuten batzarkideek –130 lanpostu zuzen eta zuzenak ez diren 600 baino gehiago–; eta horrek eskualdearen gainbehera ekonomikoan eragin zuzena izango zukeela aipatu zuten. Horregatik, atzo onartu zuten arauz besteko proposamenagaz, enpresa eskualdean geratzeaz gain, lanpostu guztiak mantetzeko be eskatu gura diote Batzar Nagusiek FINSA-Inamari.