Udazkenerako ireki gura dute Gernikaldea zentroa
Gernika-Lumoko Erresoluzio Handiko Zentroa 2012ko azken hiruhilean ireki gura du Osasun sailak. Galdakakoko gerente Santi Rabanalek azaldu duenez, “obrak amaituta daude, eta barruko ekipamendua baino ez da falta”. Hala, Osasun arloan egon daitezkeen murrizketek Gernika-Lumoko zentroarengan eraginik ez dutela izango baieztatu du Rabanalek.
Gutxi gorabehera, 60.000 biztanlei emongo die zerbitzua Erresoluzio Handiko Zentroak, eta egiten diren kontsulta guztiei egunean bertan irtenbidea emotea espero dute arduradunek. Horrela, urtean 80.000 kontsulta gutxiago egingo lirateke Galdakaoko ospitalean. Izan be, Rabanalek esandakoaren arabera, espezialitate guztiak hartuko ditu zentro barriak, eta ebakuntzak egiteko bi gela be izango ditu. Horrek Galdakaoko ospitalean dauden itxaron-zerrendak txikitzea ekarriko du, Rabanalek esan legez.
Eskualdean ospitala behar dela aldarrikatu dute herritarrek
Zazpi urte joan dira Gernikaldea zentroa eraikitzen hasi zirenetik, eta ospitala egiteko eskatu izan dute, behin eta barriro. Eskaera hori egin ziten hainbat taldek eta eragilek Osakidetzari, orain urtebete. Horretarako, mozioak aurkeztu zituzten eskualdeko udaletan. Besteak beste, zentro barriaren hasierako proiektuak jasotzen zituen 70 oheak mantentzeko, pediatria eta helduentzako 24 orduko larrialdi zerbitzua, gaixoentzako oinarrizko azpiegiturak, zerbitzu guztiak publikoak izatea eta zerbitzua euskaraz emon dezala bermatzeko eskatu zuten. Era berean, eskaera horiei atxikimendua emoten zieten 2.300 sinadura bildu zituzten 2010. urtean. Eskaera horiek, baina, ez zuten erantzunik izan, eta Osakidetzaren “errespetu falta” salatu zuen Ezker Abertzaleak iazko martxoan.
Gernika-Lumoko Erresoluzio Handiko Zentroak, baina, ez du oherik izango. Larrialdi zerbitzua emongo du eguneko 24 orduetan: Sei kontsulta izango ditu, obserbaziorako hamar box, bizkortzeko gela bat eta sendatzeko gela bat. Pediatria zerbitzua be izango du, baina Galdakako ospitaleak iaz kaleratutako txostenean ez zuen umeentzako 24 orduko larrialdi zerbitzurik aipatzen.