Inama diruz laguntzeko prest azaldu da Bizkaiko Foru Aldundia
Muxikako Inama enpresa ez ixteko eta irtenbidea bilatzeko asmoz, diruz laguntzeko borondatea agertu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Langileen komiteko kide David Palaciosek azaldu duenez, diru partida bat gordetako asmoa du Aldundiak, “hiru milioi euro ingurukoa”. Opor fiskalengatik enpresaburuek duten zorra dela eta, enpresa bera enbargatuta du Aldundiak, “eta enkantean inor enpresa hartzek prest agertzen ez bada Inamagaz geratzeko asmoa duela esan ziguten Aldundiko arduradunek”. Laguntza hori emoteko, baina, konpromisoak eskatu dizkie Aldundiak Muxikako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari. Hain zuzen, enpresaren jarduera ahalbidetuko lituzketen erabakiak har ditzaten eskatu du Diputazioak.
Orain enpresak izan ditzakeen irtenbideak aztertzen ari dira langileak. “Merkatua aztertu eta irtenbidea izan dezakeen produktua ateratzea litzateke asmoa. Finsarekin be harremantan jarriko gara, beraiek merkaturatzen dituzten produktuak guk ekoiztu ditzakegulako”. Era berean, enpresa bazkideren bat bilatzen saiatuko dira langileak. “Horren guztiaren arabera erabakiko litzateke enpresak hartuko lukeen izaera juridikoa”.
Administratzaileen jarrera, “ulerkaitza”
Enpresaren administratzaileak izendatu zituen merkataritza arloko epaitegiak abenduan, eta horiekin batzara egin gura dute langileek, “izan be, azalpenak eskatu gura dizkiegu hartu dituzten zenbait neurrirengatik”. Palaciosek azaldu duenez, enbargatutako ondasunak Finsa-Inama enpresari bueltatzeko eskatu dute, ekoizpenagaz jarraitzeko beharrezkoak direlakoan. “Erabaki hori ulerkaitza egiten zaigu, Muxikako lantegian ekoizpenagaz jarraitzeko asmorik ez duela agertu baitu enpresak”. Horregatik, administratzaileen estrategia zein den jakin gura dute langileek, “enpresaren erabakiaren alde egingo duten edo Inamari jarraipena emon diezaiokeen irtenbidea bilatzen lagunduko duten”.