Urtarrilaren 23an jakinaraziko du epaileak Gogeaskoetxearen estradizio eskaerari buruzko erabakia
Urtarrilaren 23an emongo du jakitera Londreseko Daphne Wickman epaileak Eneko Gogeaskoetxearen estradizio eskaerari buruzko erabakia. Joan den asteko auzi saioetan nork bere arrazoibideak azaldu zituzten defentsak eta fiskalak. Julian Knowles fiskalaren iritziz, estradizioa baimendu beharko luke Londreseko epaitegiak, Gogeaskoetxeak Espainian bidezko epaiketa jasoko ez duela pentsatzeko arrazoirik ez dagoelako, haren ustetan.
Busturiarraren abokatu Edward Fitzgeraldek, bestalde, epaileak estradizioa ukatu beharko lukeela azaldu zuen, Gogeaskoetxearen kontrako akusazioak haren lehengusu Kepa Arronategiri inkomunikazio egoeran “behartuta” ateratakoak direlako. Gainera, Espainiak luzatutako euroaginduetan irregulartasunak izan zirela esan zuen defentsaren abokatuak. Fitzgeraldek esan zuenez, Gogeaskoetxea aurrez zehaztutako delituengatik baino ez dutela epaituko bermatzerik ez dago. Besteak beste, Espainiako Erregea hiltzen saiatu izanagatik epaitu gura dute Espainian; “baina hori be Arronategiri ateratako aitorpenean oinarritu du Espaniako justiziak”. Gainera, akusazio hori atzera bota zuten Arronategiren kontra egindako epaiketan.