Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun sailak aurreneurrizko enbargoa ezarri dio Muxikako Inama enpresari. Langileen ordezkari David Palaciosek jakinarazi duenez, ondasun higiezinak ez ezik, enpresaren ondasun ekonomikoak be enbargatu ditu Aldundiak. Hori dela eta, batzarra egin dute gaur goizean Inamako langileen ordezkariak Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusi Jose Luis Bilbaorekin. Batzar horretan enpresaren egoera barriaren inguruko informazio gehiago jasotzea espero zuten langileek. Gaur arratsaldean, barriz, enpresa arduradunekin batuko dira langileak, «eta horiek be gure egoeraren barri emotea espero dugu, zer gertatuko den orain gurekin». Izan be, aurreneurrizko enbargoa ezarrita, enpresak bere jarduna eten egin beharko duela esan zien enpresako arduradun batek langileei atzo. «Dena den, ez dakigu hori benetan horrela den», azaldu du Palaciosek. «Sindikatuko zerbitzu juridikoetan egin dugu kontsulta, eta horiek azaldu digutenaren arabera, enbargoak ez luke jardueraren etena ekarri behar derrigorrez». Bitartean, adostuta duten dinamikarekin jarraituko dute Muxikako lantegiko beharginek, eta datorren astean Gernika-Lumon manifestazioa egiteko asmoa agertu du Palaciosek. «Horren eta azken barrien zehaztasun gehiago emoteko prentsaurrekoa emotea be pentsatu dugu». Opor fiskalengatik 7,5 milioi euroko zorra du Inama enpresak Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun sailagaz, eta enbargoaren agindua horregatik izan daitekeela uste dute. «Lantegian izan ziren Aldundiko teknikariak, antza denez bertan dauden ondasunei buruz txosten bat egiteko asmoz. Hain [...]