Bizkaiko Foru Aldundiak Bakio eta Bermeo arteko saihesbidea zabalduko du datorren astelehenean, azaroaren 21ean. Saihesbide horrek lur-jausien ondorioz urtero neguan itxi behar zen BI-3101 errepidearen zatia ordezkatuko du eta, horrenbestez, “hobetu egingo ditu bi herrien arteko errepide bidezko komunikazioak”.
Bide berria BI-3101 errepidearekiko paraleloa da. Bakioko San Pelaio auzoan hasten da, eta Bermeoko Repsolen instalazioen parean amaitu. 2,6 kilometro ditu bideak, 3,5 metroko zabalera duten bi erreiekin. Berori eraikitzeko 9,8 milioi euroko aurrekontua izan du Aldundiak.
Bide zaharreko zati bat, bestalde, zabalik egongo da Ermuagoikoako eta Ermuabekoako etxebizitzei zerbitzua emateko, San Pelaio auzunean hasi eta Gaztelugatzerako sarbideraino.