Kereila kriminala jarri dute Errigoitiko alkatearen aurka, ustez "legez kanpoko erroldatzeak" egin zituelako
Maiatzeko hauteskundeetan “legez kanpoko erroldatzeak” egin zituela iritzita, Bilduk kereila kriminala jarri du Iñaki Madariaga Errigoitiko alkatearen aurka. Begoña Uribarri eta Ziortza Bernal Bildu Errigoitiko zinegotziak, eta Idoye Errazti batzarkideak Bilbon egin duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, alkateak “iruzurra” egin zuen udal erroldaketan. Uribarriren berbetan, 32 pertsona inguru erroldatu zituzten legez kanpo, “lanpostu eta baimenen truke”.
Bilduko ordezkariek jakinarazi dutenez, “informazio guztia epaitegian dago, eta epaileak erabaki beharko du jarritako salaketa bidezkoa den”. Salaketa bidezkoa bada, epaiketa hastea aginduko luke epaileak. Uribarrik, “itxaropentsu” daudela nabarmendu du, eta aurkeztu dituzten datuek alkatearen iruzurra frogatuko dutela deritzo. Dioenez, “alkatearen etxean, eraitsita dauden zenbait etxetan, eta hirugarren pertsonei alokatutako etxeetan egin dituzte legez kanpoko erroldatzeak”. Horietako asko, gainera, EAJko zinegotzien senitartekoak omen dira.
Uribarrik azaldu duenez, Errigoiti bezalako herri txiki baten, panorama politikoa guztiz eraldatzen dute legez kanpoko erroldatzeek. Izan be, EAJk bost botoko aldeagatik lortu zuen alkatetza emon zion laugarren zinegotzia. EAJk 198 boto lortu zituen, Bilduk 138 eta SOS Errigoitik 82.
Errigoitiko zinegotziak gaineratu duenez, hauteskundeak aurkaratzen ahalegindu ziren, baina berandu jaso zuten hauteskunde errolda, Bilduren aurkako prozesu juridikoa martxan zegoelako. Hala, kereila kriminala jartzea erabaki dute, udal hauteskundeetako emaitzak bertan behera uzteko aukerarik izan ez zutelako.
Zinegotziarentzat, Madariaga “pertsona batzuen alkatea” da bakarrik. “Ez da herri batek izan beharko lukeen alkatea; nagusikerian, ilegaltasunean eta iruzurrean oinarritzen da, bere asmoak aurrera eroateko” kritikatu du Uribarrik. Dioenez, “lagunak laguntzen ditu bakarrik, eta gainontzekoei oztopoak jartzen dizkie”.
Bestalde, EAJaren jarrera be, salatu du Bilduk. “EAJk ez du alkatearen jarrera aldatzeko neurririk hartu, eta hortaz, Madariagaren ilegaltasunen, iruzurren eta delituen konplizea da” gogoratu dute.
Uribarriren berbetan, “Errigoitik ez du horrelako alkatea merezi”. Udal oposizioagaz, esaterako, “jarrera oso txarra” duela kritikatu du Bilduko zinegotziak. Izan be, “oztopoak bakarrik” jartzen ditu alkateak. Udaleko proiektuen informazioa eskatzen dutenean, esaterako, askotan ez dute informaziorik jasotzen, eta jasotzen dutenean, beranduegi izaten da erabakiak hartu dituztelako dagoeneko. Hala, herritarrek bizi duten egoerari buelta emoteko, kereila kriminala onuragarria izan daitekeela uste du.