Oka ibaiaren goi-padura egokitzeko lanak hasiko ditu aurten Eusko Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailak Oka ibaiaren goi-padura (Gernika-Lumo, Arratzu, Kortezubi, Forua eta Murueta) egokituko du datozen urteetan. Lanak aurton hasiko dira, baina egokitzapena zenbait fasetan egingo dutenez, ez dute zehaztu obrak noiz amaituko dituzten. Pilar Unzaluk gidatzen duen ingurumen sailaren helburua, Urdaibaiko ingurumen eta kultura ondarea berreskuratzea, eta mundura zabaltzea dira. Proiektu barri horregaz, gainera, ingurumen hezkuntza eta ikerkuntza bultzatuko dituztela uste dute.
Lehenengo fasearen barruan, Foruan eta ibaiaren eskubialdeko herrietan hasiko dira egokitzapenak egiten. Alde batetik, zenbait basabide egokituko dituzte, eta ingurumen hezkuntza sustatzeko kartelak jarriko dituzte. Jaurlaritzatik ohar bidez jakinarazi dutenez, ingurumen ibilbideak aukera paregabea izango dira bertoko herritarrek zonaldeko ingurumen balioaz gozatzeko. Bestalde, linea elektrikoa kenduko dute Oka ibaiaren eskubiko partean.
Urdaibaiko goi-padurak aldaketa asko izan ditu XVI. mendetik gaur egunera arte. Gizakiaren jardunak zenbait kalte sortu ditu zonaldeko ingurumen aberatsean, eta kalte horiek gutxitu gura ditu Jaurlaritzak. Paduraren lehortzeak nekazal erabilerarako, eta erreken ibilbidearen aldaketa artifizialak, esaterako, goi-padurako ekosistema kaltetu duela uste dute.
Jaurlaritzaren oharrean diotenez, gizakiak eraikitako hesi artifizialek marea goi-padurara heltzea ekidin zuten, eta 1970ean nekazal jarduna bertan behera utzi zenean, Bacharis halimifolia landare inbaditzailearen hazkunde ikaragarria emon zen.
Hala, Jaurlaritzaren beste helburuetako bat, «ekosistemaren leheneratzea» izango da. Horretarako gizakiak antzina eraikitako hesi artifizialak kenduko dituzte, marea leku horietaraino heltzeko. Neurri horregaz, goi-padurara ur gazia heltzea ahalbidetuko litzateke, Bacharis halimifolia landare inbaditzailearen kaltetan.