Egunotan azken ukituak emon ondoren, bihar eta etzi inauguratuko dute ajangiztarrek Eleizalde auzoko frontoia. Itxura modernoa daukan pilotalekua behar bezala estreinatzeko, gainera, bestelako ekitaldi batzuekin batera profesionalen pilota partidak antolatu ditu Ajangizko Udalak. Hala, Berasaluze VIII.aren eta Zabalaren arteko norgehiagoka eta Urrutikoetxearen eta Apraizen artekoa ikusi ahal izango da zapatuan. Dena den, barikuan hasiko dira ekitaldiak, 19:30ean Bizkaiko atzoko, gaurko eta biharko pilota izango baitute hizpide kultur etxean. Zapatuan, bestetik, Arkupeko eta Lea Ibarrako pilotarien arteko partidak, dantza saioa, bertsolariak, omenaldiak… izango dira Ajangizen, 17:00etatik aurrera. 36 metroko luzera dauka frontoiak eta, pilota partidetarako ez ezik, aterpe legez erabiltzeko edota ekitaldiak antolatzeko erabili gura dute. Pilotaleku barria eraikitzeko 780.000 euro inguruko aurrekontua izan du Udalak. Egitaraua Urriak 28, 19:30ean. Berbaldia Ajangizko kultur etxean, Bizkaiko atzoko, gaurko eta biharko pilota izenburupean. Hizlariak: Roberto Garcia Ariño, Oier Zearra, Pablo Berasaluze, Iñaki Gorostiza, Imanol Agirre eta Alexis Apraiz. Moderatzailea: Ainhoa Furundarena. Urriak 29, 17:00etatik aurrera. Arkupe taldekoen eta Lea Ibarrako pilotarien arteko partida: Etxebarria-Pascual eta Legarra-Salutregi. Ostean, Ajangizko Artxube dantza taldearen saioa eta Andoni Egaña eta Onintza Enbeita bertsolariak. Ajangizko pilotariei omenaldia eta Gerrika pilotariari omenaldia izango dira dantza saioaren eta bertsolarien saioaren ondoren. Pilotari profesionalen arteko pilota partidak: Berasaluze VIII.a-Zabala eta Urrutikoetxea-Apraiz. [...]