Garaipen garrantzitsua lortu dute basurdeek sailkapenaren goikaldean jarraitzeko
Gernika-Lumoko basurdeek garaipen garrantzitsua lortu zuten iragan asteburuan, sailkapenaren goikaldean jarraitzeko. Gernikarrek, La Vila hartu zuten etxean, zapatuan. Herrialde Katalanetako taldea, ligako liderra izan zen lehenenego hiru jardunaldietan, eta azkenaldian behera egin duen arren, basurdeek bazekiten partida zaila izango zela. Hala, garaipenaren bila joan ziren lehenengo minututik aurrera, eta partida entretenigarri baten ostean, Bizkaia Gernikak 29 eta 13 irabazi zuen.
Gernikarrak gogotsu zelairatu ziren, eta entsegua lortzekotan izan ziren lehenengo jokaldian. Halanda be, partidako lehenengo puntuak, kanpotik etorritako taldeak egin zituen bi zigor kolpe baliatu ostean. Basurdeek baloiaren kontrola berreskuratu zutenean, Aitzol Martitegi taldeko kapitainak partidako lehenengo entsegua egin zuen. Ostean, Martin Swartbooik zutoin artera egindako jaurtiketagaz asmatu zuen norgehiagokari buelta emoteko .
Basurdeak bide egokitik zihoazen, eta Marvin Swartbooiren jaurtiketei esker, markagailuan 13 eta 6 aurreratzea lortu zuten. Halan da be, Herrialde Katalanetako taldeak partida bardintzea lortu zuen lehenengo zatiaren amaieran.
Bigarren zatian, basurdeek kontrolpean izan zuten partida, eta katalandarrek ez zuten norgehiagoka lehiatzeko aukerarik izan. Swartbooiren jaurtiketei esker, aldea handitzen jarraitu zuen Bizkaia Gernikak, eta eroso jokatzeko aukera izan zuten jokalariek. Partidako azkenengo entsegua, bestalde, Iñigo Olaetak lortu zuen jokaldi eder baten ostean.
Gernikarrak, sailkapen nagusiko laugarren postuan daude hamazortzi puntugaz. Santboiana liderra bi puntura dute, eta lehenego lau sailkatuek garaipen kopuru bardina dute: lau partida irabazi dituzte.