Estreineko garaipena lortu dute KESBekoek emakumezkoen bigarren mailan
Gernika KESBeko neskek estreineko garaipena lortu zuten zapatuan, emakumezkoen bigarren mailako laugarren jardunaldian. Gernikarrek Estudiantes talde madrildarra hartu zuten menpean 69 eta 65. Partida guztia kontrolpean izan arren, norgehiagokari buelta emotekotan izan zen Estudiantes, azkenengo minutuetan. Hiru minuturen faltan, KESBek hiru puntuko aldea zuen, baina majo sufritu zuen denboraldiko lehenengo garaipena lortzeko.
Jokalari gernikarrak partida ona egiteko gogoz zelairatu ziren, eta seriotasunez jokatu zuten lehenengo minututik. Partida hasieran, Alysha Harvin eta Nerea Morenoren lana ezinbestekoa izan zen markagailuan aurrea hartzeko. Lehenengo laurdena hamar puntuko aldeagaz amaitu zuten etxekoek.
Bigarren laurdenean, gernikarrek arazo gehiago izan zituzten madrildarren erasoko jokoa geratzeko. Halanda be, Estudiantesek hiruko jaurtiketa asko hutsegin zituen, eta atsedenaldian aurretik ziren Gernika-Lumokoak.
Hirugarren laurdena zortzi puntuko aldegaz hasi zuten Gernika KESBekoek, baina Estudiantes partidari buelta emoteko asmoagaz zelairatu zen, eta norgehiagoka berdintzea lortu zuen. Estudiantesek beldurra sartu zuen gernikarrengan, baina Tynikki Crookek lan ona egin zuen minutu zail horietan. Hala, barriro be, aurrea hartzea lortu zuten KESBekoek.
Partida amaitzeko hiru minuturen faltan, gernikarrek hamabost puntuko aldea zuten, eta garaipena poltsikoan zutela zirudien. Halanda be, madrildarrek ez zuten esku hutsik bueltatu gura etxera, eta azkenengo minutuetan partidari buelta emotekotan izan ziren. Ez zuten denbora nahikoa izan, ordea, eta garaipena etxean geratu zen.