Inama “berehala” itxiko dutelaren beldur dira langileak
FINSA-Inama enpresak Muxikan duen lantegia «berehala» zarratuko dutelaren beldur da langileen komitea. Gaur goizean Gernika-Lumon emon duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, egoera «kezkagarria» da. Langileen komitearen arabera, ez enpresari ez Bizkaiko Foru Aldundiari, ez Eusko Jaurlaritzari ezta Muxikako Udalari «ez die axola» enpresak gaur egun dituen 160 lanpostu zuzenak ezta zuzenak ez diren bostehundik gorakoak be. Hala, enpresaren jarrera kritikatu dute, «denbora pasatzen uzteagatik eta enpresa lekuz aldatzeko aukerari dagokionez inolako erabakirik ez hartzeagatik». Gainera, lana Galizako lantegira bideratzen ari dela salatu dute langileek. Horregatik, enpresako arduradunak «eragindako itxiera» baten atzetik ote dabilen zalantza du langileen komiteak. Arazoaren aurrean Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren «arduragabekeria» be salatu dute. «Berba txarrik ez, baina jokabide onik bez», esan dute, eta Bizkaiko industria mantentzeko jokabide aktiboa hartu ez izana «onartezina» dela aipatu dute. Muxikako Udalak duen jarreragaz be ez daude ados langileak. Haien esanetan, Udalak ez du pausorik emon Inamako lanpostuak mantentzeko. «Langileen ordezkariek, auzokoek, alderdi politikoek eta enpresako ordezkariek osatutako batzordea sortzeko konpromisoa hartu zuen Udalak, eta ez dute ezer egin». Hori dela eta, langileen komitea «engainatuta» sentitzen dela esan dute. Mobilizazioen egutegia Gaur bertan elkarretaratzea egin dute Merkurio iturriaren aurrean, eta enpresaren aurrean be protestak egingo dituzte astero. Horrez gain, Inamagaz [...]
FINSA-Inama enpresak Muxikan duen lantegia «berehala» zarratuko dutelaren beldur da langileen komitea. Gaur goizean Gernika-Lumon emon duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, egoera «kezkagarria» da. Langileen komitearen arabera, ez enpresari ez Bizkaiko Foru Aldundiari, ez Eusko Jaurlaritzari ezta Muxikako Udalari «ez die axola» enpresak gaur egun dituen 160 lanpostu zuzenak ezta zuzenak ez diren bostehundik gorakoak be. Hala, enpresaren jarrera kritikatu dute, «denbora pasatzen uzteagatik eta enpresa lekuz aldatzeko aukerari dagokionez inolako erabakirik ez hartzeagatik». Gainera, lana Galizako lantegira bideratzen ari dela salatu dute langileek. Horregatik, enpresako arduradunak «eragindako itxiera» baten atzetik ote dabilen zalantza du langileen komiteak.
Arazoaren aurrean Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren «arduragabekeria» be salatu dute. «Berba txarrik ez, baina jokabide onik bez», esan dute, eta Bizkaiko industria mantentzeko jokabide aktiboa hartu ez izana «onartezina» dela aipatu dute.
Muxikako Udalak duen jarreragaz be ez daude ados langileak. Haien esanetan, Udalak ez du pausorik emon Inamako lanpostuak mantentzeko. «Langileen ordezkariek, auzokoek, alderdi politikoek eta enpresako ordezkariek osatutako batzordea sortzeko konpromisoa hartu zuen Udalak, eta ez dute ezer egin». Hori dela eta, langileen komitea «engainatuta» sentitzen dela esan dute.
Mobilizazioen egutegia
Gaur bertan elkarretaratzea egin dute Merkurio iturriaren aurrean, eta enpresaren aurrean be protestak egingo dituzte astero. Horrez gain, Inamagaz eta eskualdeko enpresekin gertatzen ari dena azaldu gura diete Busturialdeko herritarrei. Urriko Azken Astelehenean be informazioa banatuko dute.
Bestalde, enpresak Galizan duen lantegiko beharginei be euren egoeraren barri emongo diete. Horretarako, Galizako enpresaren aurrean elkarretaratzea egiteko asmoa dute langileek.
Arduradun politikoen jarrera kritikatu du EAJk
Inama enpresaren «itxiera izan daitekeenaren aurrean» Bilduk izan duen jarrera salatu du orain arte alkatetza izan duen EAJk. Diotenez, «ez da bidezkoa Udalak eta SOS Muxikak epaitegiak emondako galarazpen autoa errekurritu izana, horrek Inamaren berehalako itxiera ekarriko duelako». Era berean, enpresaren zuzendaritzak hartutako jarrera be salatu dute jeltzaleek. «Nahasmena eta ziurgabetasun handia eragiten digu, eskatutako neurriak denboraz hartu ez dituztelako». Egoera horretan kaltetuak langileak direla dio EAJk, «eta arriskuan izan dezakete beraien etorkizun hurbila».