Espainiako Fiskaltzak 20 urteko kartzela zigorra eskatu du Oier Goitia preso politikoarentzat, lau deliturengatik. Gaur hasi da haren kontrako epaiketa Madrilgo Auzitegi Nazionalean, eta ETA erakunde armatuko Buruhauste taldeko kide izatea leporatzen diote. Goitiagaz batera, Ivan Apaolaza Sancho, Gorka Palacios Alda eta Juan Antonio Olarra Guridi be epaituko dituzte egunotan. Azken horrentzat 1.015 urteko kartzela zigorra eskatuko duela aurreratu zuen fiskaltzak.
FINSA-Inama enpresak Muxikan duen lantegia «berehala» zarratuko dutelaren beldur da langileen komitea. Gaur goizean Gernika-Lumon emon duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, egoera «kezkagarria» da. Langileen komitearen arabera, ez enpresari ez Bizkaiko Foru Aldundiari, ez Eusko Jaurlaritzari ezta Muxikako Udalari «ez die axola» enpresak gaur egun dituen 160 lanpostu zuzenak ezta zuzenak ez diren bostehundik gorakoak be. Hala, enpresaren jarrera kritikatu dute, «denbora pasatzen uzteagatik eta enpresa lekuz aldatzeko aukerari dagokionez inolako erabakirik ez hartzeagatik». Gainera, lana Galizako lantegira bideratzen ari dela salatu dute langileek. Horregatik, enpresako arduradunak «eragindako itxiera» baten atzetik ote dabilen zalantza du langileen komiteak. Arazoaren aurrean Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren «arduragabekeria» be salatu dute. «Berba txarrik ez, baina jokabide onik bez», esan dute, eta Bizkaiko industria mantentzeko jokabide aktiboa hartu ez izana «onartezina» dela aipatu dute. Muxikako Udalak duen jarreragaz be ez daude ados langileak. Haien esanetan, Udalak ez du pausorik emon Inamako lanpostuak mantentzeko. «Langileen ordezkariek, auzokoek, alderdi politikoek eta enpresako ordezkariek osatutako batzordea sortzeko konpromisoa hartu zuen Udalak, eta ez dute ezer egin». Hori dela eta, langileen komitea «engainatuta» sentitzen dela esan dute. Mobilizazioen egutegia Gaur bertan elkarretaratzea egin dute Merkurio iturriaren aurrean, eta enpresaren aurrean be protestak egingo dituzte astero. Horrez gain, Inamagaz [...]