Zenigaonaindiaren kontrako polizia erasoak ikertzeko eskatu dute Gernika-Lumoko eta Aulestiko Udalek
Mikeldi Zenigaonaindia Aulestiko gaztearen kasua argitzeko eta errudunen kontrako neurriak hartzeko beharrezko prozedura has dezala eskatu diote Espainiako Gobernadore Zibil Mikel Cabizesi Gernika-Lumoko eta Aulestiko alkateek. Hain zuzen,uztailaren 11n burua estalita zuten hiru ezezagunek eta kaputxa barik zegoen beste batek Astrako parkinean bahitu, mehatxatu, mespretxatu eta gogoz kontra zenbait gauza egin zezan presionatu egin zutela salatu zuen gazteak. Alde egitean, gainera, «Viva la Guardia Civil» oihukatu zutela be esan zuen. Gernika-Lumoko kultur etxean emon duten prentsaurrekoan esan dutenez, «guk ordezkatzen ditugun herrietan horrelako egoerak gertatzea ezin dezakegu onartu». Hala, babes osoa eskaini diote Aulestiko gazteari, eta antzeko egoeran egon daitekeen beste edonori. Segurtasun indarren aldetik jarrera hori onartezina dela esan du Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok, eta ez dela hori horien egitekoa, «ez guardia zibilena, ez ertzainena ezta udaltzainena be». Eskubideak bermatzteko konpromisoak Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Ararteko Iñigo Lamarkari, bestalde, edozein euskal herritarren eskubideak berma ditzala eskatu diote, «eta kasu honetan Mikeldiren [Zenigaonaindia] eskubideen alde egin dezala, dituen bitarteko guztiak erabiliz». Era berean, Euskal Herria normalizazio politikora eta indarkeriarik bako eszenatokira heltzea gura dutela esan zuen Aulestiko alkate Jon Bollarrek, «horretarako, Gernikako Akordioan batzen diren konpromiso guztiak betetzea beharrezkoa da». Hori izango da, bi alkateen ustez, gatazka koponbidera eroateko [...]
Mikeldi Zenigaonaindia Aulestiko gaztearen kasua argitzeko eta errudunen kontrako neurriak hartzeko beharrezko prozedura has dezala eskatu diote Espainiako Gobernadore Zibil Mikel Cabizesi Gernika-Lumoko eta Aulestiko alkateek. Hain zuzen,uztailaren 11n burua estalita zuten hiru ezezagunek eta kaputxa barik zegoen beste batek Astrako parkinean bahitu, mehatxatu, mespretxatu eta gogoz kontra zenbait gauza egin zezan presionatu egin zutela salatu zuen gazteak. Alde egitean, gainera, «Viva la Guardia Civil» oihukatu zutela be esan zuen.
Gernika-Lumoko kultur etxean emon duten prentsaurrekoan esan dutenez, «guk ordezkatzen ditugun herrietan horrelako egoerak gertatzea ezin dezakegu onartu». Hala, babes osoa eskaini diote Aulestiko gazteari, eta antzeko egoeran egon daitekeen beste edonori.
Segurtasun indarren aldetik jarrera hori onartezina dela esan du Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok, eta ez dela hori horien egitekoa, «ez guardia zibilena, ez ertzainena ezta udaltzainena be».
Eskubideak bermatzteko konpromisoak
Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Ararteko Iñigo Lamarkari, bestalde, edozein euskal herritarren eskubideak berma ditzala eskatu diote, «eta kasu honetan Mikeldiren [Zenigaonaindia] eskubideen alde egin dezala, dituen bitarteko guztiak erabiliz».
Era berean, Euskal Herria normalizazio politikora eta indarkeriarik bako eszenatokira heltzea gura dutela esan zuen Aulestiko alkate Jon Bollarrek, «horretarako, Gernikako Akordioan batzen diren konpromiso guztiak betetzea beharrezkoa da». Hori izango da, bi alkateen ustez, gatazka koponbidera eroateko giltza.
Akordio horretako puntu batek dioenez, «inoren kontrako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertu behar dira, edozein dela be pertsona horien jarduera edo ideologia politikoa». Zenigaonaindiaren kasuan puntu hori ez dela bete salatu dute gaur.
Bigarren salaketa
Uztailaren 11n gertatutakoa Bilboko epaitegian salatu zuen aulestiarrak, Gernika-Lumoko eta Aulestiko Udaletan babesa eskatzeaz gain. Lehenago be beste salaketa bat jarrita zuen gazteak, 2010ean be mehatxatu egin zutelako ezezagunek, beraiekin kolaboratzeko. 2010. urteko salaketa hori Gernika-Lumoko bigarren instrukzio epaitegia ari da ikertzen, eta uztailean ipinitako salaketaren ikerketa be epaitegi berak hartu du bere gain.
Bahitu zuten lau ezezagun horietatik kaputxa barik zegoena aurretiaz be ezagutzen zuela salatu zuen Zenigaonaindiak abuztuan Aulestin emondako prentsaurrekoan. Hain zuzen, 2010ean mehatxu egin ziotenen artean zegoela esan zuen.