Mikeldi Zenigaonaindia Aulestiko gaztearen kasua argitzeko eta errudunen kontrako neurriak hartzeko beharrezko prozedura has dezala eskatu diote Espainiako Gobernadore Zibil Mikel Cabizesi Gernika-Lumoko eta Aulestiko alkateek. Hain zuzen,uztailaren 11n burua estalita zuten hiru ezezagunek eta kaputxa barik zegoen beste batek Astrako parkinean bahitu, mehatxatu, mespretxatu eta gogoz kontra zenbait gauza egin zezan presionatu egin zutela salatu zuen gazteak. Alde egitean, gainera, «Viva la Guardia Civil» oihukatu zutela be esan zuen. Gernika-Lumoko kultur etxean emon duten prentsaurrekoan esan dutenez, «guk ordezkatzen ditugun herrietan horrelako egoerak gertatzea ezin dezakegu onartu». Hala, babes osoa eskaini diote Aulestiko gazteari, eta antzeko egoeran egon daitekeen beste edonori. Segurtasun indarren aldetik jarrera hori onartezina dela esan du Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok, eta ez dela hori horien egitekoa, «ez guardia zibilena, ez ertzainena ezta udaltzainena be». Eskubideak bermatzteko konpromisoak Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Ararteko Iñigo Lamarkari, bestalde, edozein euskal herritarren eskubideak berma ditzala eskatu diote, «eta kasu honetan Mikeldiren [Zenigaonaindia] eskubideen alde egin dezala, dituen bitarteko guztiak erabiliz». Era berean, Euskal Herria normalizazio politikora eta indarkeriarik bako eszenatokira heltzea gura dutela esan zuen Aulestiko alkate Jon Bollarrek, «horretarako, Gernikako Akordioan batzen diren konpromiso guztiak betetzea beharrezkoa da». Hori izango da, bi alkateen ustez, gatazka koponbidera eroateko [...]