Bizkaia Gernikak garaipenagaz hasi du denboraldi ofiziala. Gernika-Lumoko basurdeek Sanitas Alcobendas hartu zuten menpean Urbietako zelaian, eta lehenengo lau puntuak eskuratu zituzten. 17 eta 3 irabazi zuten, baina taldeak hobetu beharra dauka oraindik. Izan be, “hutsegite asko” egin zituzten partidan. Jorge Jimenez entrenatzailea “pozik” azaldu zen garaipena lortu ostean. Lan ona egin zutela, baina urduriegi jokatu zutela uste du argentinarrak. “Gauza onak ikusi ditut, baina gogor entrenatzen jarraitu behar dugu” dio. Partidako lehenengo zatia ez zen batere ona izan. Gernikarrek ez zuten asmatu eta partida kontrolatzeko arazoak izan zituzten. Hutsegiteen erruagatik, entsegua lortzeko bi aukera garbi galdu zituzten. Madrildarrek be, lehenengo zati txarra jokatu zuten, eta punturik lortu barik bueltatu ziren aldageletara. Berdinketa, Marvin Swartboi hegoafrikarrak hautsi zuen lehenengo zatiko azkenengo minutuetan. Zutoin artera egin zuen jaurtiketa bategaz, denboraldiko lehenengo hiru puntuak lortu zituen. Bigarren zatian taldeak hobetu zelairatu ziren, eta ikusleek partida hobeagoa ikusteko aukera izan zuten. Gernikarrek garaipena gura zuten, eta erasoko jokoari esker 44. minutuan egin zuen lehenengo entsegua Mantovanik. Swartboik zutoin artera egindako jaurtiketagaz asmatu ostean, 10 eta 0 jarri ziren aurretik basurdeak. Bost minutu beranduago Ati Fernandezek Alcovendasen lehenengo hiru puntuak lortu zituen arren, basurdeek kontrolpean izan zuten partida amaiera arte. Entsegua lortzeko aukera asko [...]