«Alkatetza berreskuratzea eta Gernika-Lumok iraganean izan zuen indarra berreskuratzea» du helburu Eusko Alderdi Jeltzaleak maiatzeko udal hauteskundeetara aurkeztuko duen taldeak. Hala, «proiektuari lotutako» taldea egin dutela azaldu du alderdi horrek.
Luis Ortuzar buru, hogei hautagaik osatzen dute Gernika-Lumoko udal hauteskundeetarako zerrenda. Bost zinegotzi ditu orain EAJk Udalean, eta zerrenda barrian lehenengo bostetatik bi aurpegi barriak dira. Maria Uriberekin eta Aitor Latxagarekin batera, bi legegintzalditan zinegotzi izandako Ortuzar bera, Paul Omaetxebarria eta Ana Hormaetxe dira jeltzaleek aurkeztuko dituzten zerrendako lehenengo bostak.
Hogeitik bik, gainera, independente legez aurkeztu dute euren burua EAJren zerrendaren barruan.
Industria eta enplegua
Udal hauteskundeetarako zabaldu duten bulegoaren aurkezpena egin zuten domekan jeltzaleek, eta ekitaldi hori baliatu zuten hautagaitza aurkezteko. Gainera, alderdi horrek Gernika-Lumorentzat dituen «asmoetako batzuk» be azaldu zituzten. Hala, lehentasun legez enplegua jarri dute EAJkoek. «Industria eta enplegua dira gure lehentasunak eta horregatik egingo dugu Gernika-Lumo garapen ekonomikorako proiektua, Gernika-Lumoko 2012-2024 Plan Estrategikoa».
Partaidetzari be garrantzia emon gura dio talde barri horrek, eta «beti herritarren iritzia jakiteko prest» azaldu dira. Gainera, mugikortasun plana garatu gura dute gizarte eragileekin, «herrian dauden segurtasun arazo larrien aurrean irtenbideak bilatzeko». Aisialdi aktiboa be jaso dute helburuen artean, gazteentzat «Gaztelekua ez nahikoa» dela iritzita.
Gobernatzeko «beste era bat»
Euskararen erabilera indartzea be helburu du EAJk, «esparru guztietan». Hizkuntzaren zeharkakotasuna «defendatu eta euskara alkatetzaren menpeko delegazio bat izatea» da EAJren asmoa. Azken finean, «gobernatzeko beste era bat eta herritarrengandik hurbila eta eraginkorra den Udala» nahi dutela azaldu dute jeltzaleek.
Hautagaiak
- Luis Ortuzar
- Maria Uribe.
- Paul Omaetxebarria.
- Ana Hormaetxe.
- Aitor Latxaga.
- Nadia Gonzalez. Independentea.
- Iñigo Magunagoikoetxea.
- Javier Gezuraga.
- Agurtzane Amparan.
- Jesus Mari Bilbao .
- Iñaki Iglesias.
- Elisa Vallejo de Olejua.
- Sergio Villa.
- Igor Basterretxea. Independentea.
- Mirari Zuzaeta.
- Josu Santiago.
- Ziortza Polin.
- Javier Garaizabal.
- Alberto Zarrabeitia.
- Saioa Zubizarreta.