Espainiako Auzitegi Konstituzionalak aintzat hartu du Bildu koalizioaren babes helegitea, eta hau maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan izango da, auzitegiak 00:20 aldera jakinarazi zuenez. Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zituen Bilduren 254 hauteskunde zerrendak igandean, Batasunak zuzendu eta kontrolatu zituelakoan, baina Konstituzionalak atzera bota du Gorenaren erabakia. EAk, Alternatibak eta independenteek osatzen duten koalizioa, hortaz, bozetan izango da.
23:30ak inguruan Bilduri buruzko debeku ponentzia atzera bota zutela jakin zen,
Elmundo.es-ek albistea argitaratu ostean . Konstituzionalaren osoko bilkuran, sei magistratuk bozkatu zuten debeku ponentziaren kontra eta beste bostek alde.
Hain justu, Pascual Sala, Eugenio Gay, Elisa Perez Vera, Pablo Perez Tremps, Luis Ortega eta Adela Asua epaileak agertu dira debekuaren aurka. Debekuaren alde: Manuel Aragon, Javier Delgado, Francisco Hernando —honek aurkeztu du txostena—, Ramon Rodriguez eta Francisco Perez de los Cobos. Behin betiko bozketan bakoitzak bereari heldu zion. Sententzia, bestalde, egun batzuetara jakinaraziko dute.
Gauerdirako (00:00etarako) jakinarazi behar zuten Bilduren parte hartzeari buruzko ebazpena, betiere hauteskunde epeak betez gero, baina kontua atzeratu egin zen pixka bat.
Osoko bilkuraren batzarraren aurretik Konstituzionaleko bigarren aretoko sei epaileek berdindu egin dute bozketan eta, kalitatezko botorik erabiliko ez dutenez, osoko batzarrera deitu dute auzia deliberatzeko. Horko 11 magistratuek 20:30ak aldera ekin zioten batzarrari.
Gorenean, bederatzi epaile baliogabetzearen alde, sei kontra
Gorenak igande gauean erabaki zuen Bilduren 254 hauteskunde zerrendak baliogabetzea. 61eko salako bederatzi epailek egin zuten baliogabetzearen alde, eta seik, kontra. Beste bat zerrenda batzuk ontzat jotzearen alde agertu zen. Aretoko gehiengoaren ustez, ETAk eta Batasunak zuzendu eta kontrolatu dute Bildu, eta EA eta Alternatiba erabili dituzte ezker abertzalea atzera erakunde publikoetan egoteko. EAk eta Alternatibak ez ezik, independenteek ere osatzen dute koalizioa, baina Gorenak zioen horiek erakundeetan baleude “ETAren aldeko politika” egingo luketela.
Bilbon milaka lagun protestan
Madrilen erabakia hartzen ari ziren bitartean, Bilbon milaka eta milaka pertsona manifestatu ziren Bilduren legalizazioarern alde.
Aitziber Laskibar BERRIAko kazetaria Berriketan.info sare sozialean azaldu zuenez, jendetza azaldu zen atzo Jesusen Bihotza enparantzara 20:00etan Bilduren legalizazioaren aldeko manifestazio nazionalean parte hartzeko. Txalo artean hasi zen, eta ”Bildu aurrera!”, ”Independentzia” eta “Demokrazia Euskal Herriarentzat” oihukatu zuten bertaratutakoek. Ondoren Areatzan ekitaldi politikoa egin eta Auzitegi Konstituzionalak hartuz zuen erabakiaren zain geratzeko deia egin zuten.
Ibai Maruri BERRIAko kazetaria aritu zen bertatik, Berriketan.info-n.
Bilduko ordezkariak gustura agertu ziren Bilboko kaleetan jaso zuten erantzunarekin. Herritarren artean, Martin Garitano Bilduko Gipuzkoako hautagaia, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Rafa Larreina eta Unai Ziarreta EAko kideak, Oskar Matute Alternatibako bozeramailea, Tasio Erkizia, Marian Beitialarrangoitia eta Niko Moreno ezker abertzaleko kideak, eta Unai Sordo Euskadiko CCOO idazkari nagusia zeuden. ”Agerian geratu da euskal gizarteak eskatzen duena. Argi esan du ez duela betorik eta ilegalizaziorik onartuko; bere kasa erabaki nahi duela. PSOEk eta PPk kontutan hartu behar lukete”, esan zuen Pello Urizarrek protesta abiatu aurretik.